Bai, badakit hau ez dela konfesionario bat, baina onartuko didazue aitorpen txiki hau —puntu honetan, digresioa: adin batetik beherakoek, konfesionarioa entzun, eta ez zaizkie sotana beltzak gogora etorriko, eskerrak; zeren truke, ordea, beste kontu bat da—. Harira, aitorpen txikia: ez House, ez CSI, ez Brinkola, ez naiz telesail jarraitzaile fidela izan sekula. Hasi maiz, jarraitu urri, bide bazterrean geratu izan dira denak azkenerako; Seriesyonkis.com ez daukadala faboritoetan, alegia.
Badakit jende asko harrapatzen dutela, badakit jendeak hainbat kapitulu hainbat ordutan ikusten dituela jarraian, adikzioa sortzeraino. Badakit, Harkaitz Canok Begiaren ajeak saiakeran esan digulako, literaturatik edan duten gero eta telesail gehiago antzematen ahal ditugula. Eta, hala ere, kale.
Ikasturte berrirako, beraz, hemen erronka: telesail bat burutik buztanera irenstea. Kate diferenteetako programazioei begira, ikusi dut gaitz jarri didatela kontua. ETB1ek jarri dit zail, ekoizpen propio bakarra Goenkale duelako. Eta, nire adinean, ulertuko didazue, ez nago gauza batzuetarako. Nahiz eta aurten berrikuntza interesgarri bat izan: Miren Gaztañaga aktorea.
Pentsatu dut TVEko 14 de abril. La República izan daitekeela aukera on bat, baina badakit azaroaren 20tik aurrera moztu egingo dutela; zertarako hasi. Plus belle la vie ikusiko nuke, France3n, belarri pixka bat egiteko besterik ez bada, ipurdiz gora ulertzeko arriskuarekin. Zer nahi duzue, 500 metrogatik naiz hegoaldeko. Halatan, salbazioa izan daitekeenarekin egin dut topo: AEBetako uhin errebisionistari jarraiki, Tele5n emango dute Cheers telesailaren remake-a. Gaztetxoa nintzen artean, oroitzapen gutxi dut orijinalaz. Ea nola geratu zaion lifting-a. Aktore zerrendari begiratu, eta sustoa hartu dut; yankitik ez dute ezer: Antonio Resines, Pepon Nieto, eta Dani Martin musika jartzen. Droga gogorra.
Abandonurako prest nengoenean, luzetsita, hara non ikusten dudan LaSextak erosi duela Crematorio, udazken honetan emango duten zortzi kapituluko telesaila. Ikusi ditudan irudiek tentuz joatea eskatzen dute, esperientziak ere bai, baina Rafael Chirbes handiaren eleberri handiaren laurdena bada, merezi izango du jarraitzea. Horra aitortza, horra erronka eta horra apustua. Apustuak galtzeko ere badaudelako, ezta?
Komunikazioa. Ekografiak
Aitortza eta erronka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu