Aizkora bizkarrean hartuta ibili da umetatik eta ahal izan duen guztietan Patxi Astibia. LeitzakoTxartikonea baserrian (Nafarroa) sortu zen, 1943an; 74 urte ditu egun, eta aizkolari txapeldun handienen artean ageri da haren izena. Aizkoraren munduan utzi duen arrastoa eta haren bueltan pilatutako bizipenak «ezagutu beharrekoak» direla iritzita, Patxi Astibia aizkolaria biografia liburua osatu du Joseba Urretabizkaiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1965). Xibarit izeneko «egitura txiki bat» dauka Urretabizkaiak; argitaletxe bat. Lehenagotik liburu pare bat argitaratu ditu zigilu horrekin, eta bilduma berri bat ireki du Astibiaren biografiarekin. Hark bultzatu du argitalpena, eta argazkiez eta diseinuaz arduratu da. Idatzi, ordea, Iñigo Goñi kazetariak idatzi du. «Hura ni baino sartuago dago herri kiroletan, eta harena da testua», argitu nahi izan du Urretabizkaiak. Ele bitan dago idatzita liburua, euskaraz eta gaztelaniaz.
«Oso gizon jator eta elegantea da Patxi», dio Urretabizkaiak. Harekin elkartu ziren Goñi eta Urretabizkaia bera hark bizitakoak batzeko; beste pare bat lagun elkarrizketatu gero, eta «datu guztiak mahai gainean» jarrita ekin zion Goñik aizkolariaren bizitza paperean ordenatzeari. Liburua jada amaituta, Astibiaz hitz egiterakoan «patxadosoa» eta «elegantea» darabiltza gehien Urretabizkaiak. «Egun ere kirola egiten du. Hori ikusten da liburuan, oso konstantea izan dela bizi osoan. Azkenengo argazkiak Leitzako festetan atera nizkion, aizkorarekin. Odolean du aizkora».
Herri kirolen irudia
Lehengo aldean, Euskal Herrian herri kirolek «prentsa txikia» dutela uste du Urretabizkaiak. Hala, Herri Kirolen Federazioarekin elkartu zenean, eta herri kiroletako zenbait pertsonaren biografiekin bilduma bat osatzea proposatu zienean, proiektura pozez batu zirela kontatu du. «Herri kirolen mundukoek ondo dakite nor den Patxi Astibia, baina kanpokoek ere ezagutu dezaten egin dugu. Badago jende bat gauza inportanteak egin dituena, eta aitortza egin behar zaie». Hori da, behintzat, Urretabizkaiak liburuarekin lortu nahiko lukeena.
1960ko hamarkada ingurutik aurrera Herri Kirolek ez dutela bere irudia zaindu uste du tolosarrak. Eta liburu honek «kalitatezko edizioa» izateari garrantzi berezia eman dio horregatik. «Hori egin beharko luke herri kirolak: irudia zaindu». Alde horretatik, lehen edizioko ale bakoitza —250 denera— zenbakituta joango da. Argazkiek ere «indarra» dute liburuan, batik bat, argazki garaikideek. «Gaurko irudiak nahi nituen, bera bizirik eta oso indartsu dagoelako». Halere, argazki zaharragoen bilduma bat ere badakar liburuak iraganeko pasarteen alboan. «Edizio txukun bat da, tirada txiki batekin. Argi dago kulturagatik egiten dugula, eta ez diruagatik», zehaztu du. Halaber, litekeena da liburua Interneten jartzea, datozen asteetan.
Hamabost anai-arrebetan bosgarrena da, eta 9 urterekin hasi zen Astibia basoan egurra mozten. Amaren tripan zenetik izan duela zaletasuna kontatzen du aizkolariak berak liburuan; nola 11 urte ingururekin lagunak mendira joaten ziren aizkora bizkarrean hartuta, eta nola hasi ziren orduan «duro baten truke» lehen apustuak egiten. Hala hasi, eta «Euskal Herriko aizkolaririk onena» bihurtu zela esaten da liburuan. Ibilbide hartatik, lau txapel ditu etxera eramanak: Espainiako Txapelketakoak hiru—1968, 1969 eta 1971 urteetakoak— eta Euskadiko Txapelketakoa laugarrena, 1968koa.
Ibilbide profesional hori, baina,kolpetik eten zuen basoan izandako istripu batek, 28 urte zituenean. «Marka gehiago egingo zituen jarraitu izan balu, baina duen ibilbide motzerako karrera oso ona eta polita du».
Madrilera joan zenekoa da beste kapitulu esanguratsu bat Astibiaren bizitzan. 22 urterekin TVEko La unión hace la fuerza telebista saioan hartu zuen parte —orduan irten zen aurreneko aldiz Euskal Herritik—, eta dezenteko ospea ekarri zion sasoi hartan. «Fama handia hartu zuen Madrilgo lehiaketa hartara joan zenean, baina beti agertu da umil, argazkietako jestuan ikusi besterik ez dago. Oso lurreko jendea da, noblea».
«Azkeneko jentilak»
Astibiaren biografiarekin Jentilak bilduma estreinatu du Urretabizkaiak. «Pertsonaia indartsuak batuko dituen bilduma da; gaur egungo azkeneko jentilak», bota du barrez.
Astibiaren biografia jada kalean, bildumako hurrengo biak aurreratuak ditu dagoeneko: Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a-rena —azaro amaierarako argitaratuko du— eta Mikel Mindegiarena—abendu erdialdean kaleratzea aurreikusten du—. Hiru aizkolari eta hirurak «oso ezberdinak», Urretabizkaiak dioenez. Batzen dituen «puntu bat» ere ikusten du, hala ere: «Gogorrak dira, eta lanaren sakrifizio handia dute».
Herri kiroletako beste modalitate batzuk ere bilduko ditu Jentilak sailak, «ahalik eta bilduma osatuena» lortzeko. Eta emakume kirolariak biltzea ere nahiko lukeela dio. «Herri kiroletan aritu diren emakumeak ere egongo dira, ziur».
Gaur omenduko dute Astibia, Leitzako frontoian, eta eskuragarri egongo da bertan liburua. Bere biografiaren argitalpenarekin «gustura» sumatu du aizkolaria Urretabizkaiak. Ez hainbeste omenaldiarekin. Azken egunetan, sarri egin dio galdera hauxe: «Jendea etorriko al da, Joseba?».
Aizkora odolean
Patxi Astibia aizkolari leitzarraren biografia argitaratu du Joseba Urretabizkaiak. Aizkolari txapeldunen zerrendan izen handia da Astibiarena, eta omenaldia egingo diote gaur, Leitzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu