Komunikazioa. Ekografiak

Ajeak

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Eskerrak ajeak antzu bihurtzen nauen eta ez naizen, arreta ere, luzaz mantentzeko gai. Igande arratsaldeak, nola telebistan hala handik kanpora, txatxuak baldin badira, iragan denak markak hausteko arrisku galanta zuen. Eguerdiko albiste emanaldia Tele5n suertatu zitzaigun. Munduan ez dakit zer gertatu zen. Arreta efemerideentzat izan baitzen, osorik. Efemeridearentzat, zehazki. Urtebete baitzen, igandean, amets bat bizi izan genuen egunetik. Hala zioen aurkezleak. Inozoa ni, inozo ajeduna, ohartu gabe, Andres Iniestaren golak espainiar futbola munduaren gailurrean jarri zuenetik urtebete joan dela. Egun eta ordu hartan, Bilbon, kontzertu batean nengoelako izango da. Ez dio axola. Horretarako dago Tele5, besteren artean, egun hura nire erraietan iltzatu eta herri baten parte senti nadin. Bost orduz eta hamar minutuz ahalegindu zen horretan, albistegia amaitu orduko. Esan bezala, El día que vivimos un sueño izeneko arratsaldea eskaini zuen.

Argentinak eta futbolak duten harremanarekin gogoratu nintzen. Maiz entzun izan dut, arrazoiketa ala justifikazio, sakonak direla argentinarren futbolarekikoak. Urte luzetan senetik irtenda bizi izandako herrialdearen bilgune bakarra baloiari jotako ostikoek emandako poztasuna izan dela kontatu didate beti. Hala ulertu nuen harako bidaian bizi izandako egoeraren bat. Esaterako, hamabost urteko gazteak, segundo batean, bera jaio baino hogei urte lehenago talde nazionalak jokatutako lagunarteko partida bateko hamaikakoa, golegileak eta hainbat datu gehiago zerrendatzea. Iaz, halako zerbait iruditu zitzaidan gurean —bai, gurean ere— eta Espainian gertatu zena. Ongizatearen estatua bat eginik, pozez eta aitzakiarik gabe, biharamunean denak berdin jarraitzen bazuen ere. Estrategia politikoaren antza hartu nion, futbola herriaren opioa omen dela ahaztu ezinik. Izan ere, urtetako konplexu, kexa eta aitzakiak ahanzturak jan ditu. Orain, behingoz, gailurraren gailurra dira espainiarrak futbolean, eta tenisean, eta motoetan, eta 1 Formulan, eta... Gainera, esaterako, futbolean onenak izateaz gain, autoritate bihurtu nahi dituzte jokalariak. Haien hitzak, irakurketak eta iritziak aintzat hartuak izango dira.

Urtero oroitu eta ospatuko dugu ametsa bizi izan genuen eguna. Neurririk gabe, iaz esandakoen eta sortatuko ikuskizunen pare.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.