Sanferminak Iruñean. Andoni Armendariz eta Susana Nagore. Jota abeslariak

«Akordeoiarekin lehenengo akordea jo, eta kolpez isiltzen dira guztiak»

Duela hamasei urte entzun zen lehenengo aldiz Iruñeko Santo Domingo aldapan 'No sabes qué es emoción' jota, entzierroko korrikalariek sentitzen dutenari buruzko abestia.

Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Uztailaren 7an goiz esnatu eta ahotsa findu ondoren, Santo Domingo aldapara joaten da urtero Susana Nagore. Han bere lagun Andoni Armendarizekin elkartzen da, entzierroko lehenengo eta bigarren kantuen artean No sabes qué es emoción jota jo eta abesteko. La Jarana peñakoak dira, eta horixe dute sanferminetako unerik gogokoena: Armendarizen akordeoiak eta Nagoreren ahotsak Iruñea isilarazten duten unea.

Noiz hasi zineten jota kantatzen?

Susana Nagore. Duela hamasei urte hasi ginen jota hori kantatzen, eta istorioa apustu batekin hasi zen. Lagun bat zirikatzen hasi zitzaidan: «Ezetz horra jaisteko adorerik izan?». Eta nik erantzun nion: «Ez dudala adorerik? Hara noa».

Andoni Armendariz. Lehenengo urtean Susanak bakarrik abesten zuen, eta hurrengo urtean, sorbaldako arazoekin hasi zenean, niri deitu zidan.

Eta zergatik kantatzen duzue No sabes qué es emoción jota?

S. N. Entzierroari eskainitako jota bat da, gazteek senti dezaketen horri eskainia. Korrika egiten dutenean duten sentimendu hori da. Korrikalariei buruzkoa delako kantatzen dugu.

Zer sentitzen duzue jota hori kantatu eta jotzean?

A. A. Ikaragarria da. Garai batean, jota kantatzen dugun toki berean egiten nuen korrika, eta, orain, jota kantatu eta jende berarekin elkartzen naiz. Korrikalariek duten urduritasun eta beldur berdina sentitzen dut. Emozio handia da.

S.N. Nire kasuan ere, emozioa handia da. Erabateko isiltasuna dago, eta egin behar duten lasterketarengatik duten urduritasuna transmititzen dizute gazteek. Ezin da azaldu hitzekin; han egon behar duzu hori sentitzeko.

Hamasei urte daramatzue kantatzen. Ezberdintasunik igarri duzue?

A. A. Lehen, nonahi uzten genuen automobila, eta, orain, goraino igotzen uzten digute. Hori da ezberdintasun bakarra.

S.N. Santo Domingo ibilbidean beti berberak egoten dira. Hamasei urtean ez da asko aldatu. Nabaritu dugu gero eta jende gehiago jaisten dela jota entzutera. Gero, korrika egiten duten tokira itzultzen dira.

Zuekin batera kantatzen dute?

S.N. Ez. Erabateko isiltasuna dago, goiko hesietatik beherainokoa.

A.A. Arraroa da uztailaren 7an jendea isiltzea, baina errespetuz betea da. Lehenengo kantua abesten dute, eta gero jotarekin hasten gara. Akordeoiarekin lehenengo akordea jo, eta kolpez isiltzen dira guztiak.

Onartuko zenukete programa ofizialean egotea?

S.N. Ez. Zerbait herrikoia izan da, eta herrikoia izateak xarma berezia ematen dio.

A.A. Guztiek badakite nola eta non egiten den, eta joaten dira. Programa ofizialean egongo balitz, bat-batekotasuna galduko luke.

2009. urtean, entzierroko kanta euskaraz abestu zenuten.

S.N. Ekimena antolatu zuten korrikalariak gurekin harremanetan jarri ziren, eta laguntza eskatu ziguten. Hitzak eman zizkidaten eta behetik indarrez kantatu genuen, jendeak euskarazkoa ere entzun zezan. Urtero gorantz doan kontua da.

A.A. 2009. urtean, Valentziako batekin egon nintzen, eta aurrera aterako ez zela esan zidan. Nik erantzun nion: «Kanpokoek ohitura errespetatu eta ikasten ez baduzue, gutxienez isilik egon eta euskaraz entzun behar duzue». Hurrengo urtean hitzak ikasi zituen, eta euskaraz abestu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.