Komunikazioa. Gorka Otxoa. Aktorea

«Aktore lanaz bizitzea eta gustuko proiektuetan aritzea da nire ametsa»

Otso-gizonen inguruko film batean aritu berri da Galizian. Datozen lau asteetan, berriz, Madrilen izango da. TVEko 'Plaza España' sitcom berrian teniente frankistarena egingo du.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Zinema eta telebista uztartzen dabil azken urteetan Gorka Otxoa (Donostia, 1979). Apirilaren 29tik aurrera ¿Estás ahí? komedia erromantiko fantastikoan ikusi ahalko da Otxoa, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.

Nolakoa da Galizian grabatu berri duzuen filma?

Beldurrezko film bat da, otso-gizonak protagonista dituena: Lobos de Arga. Akzio handia du, eta komedia ukituak ere baditu. Maldizio bat gertatuko da eta herri osoa otso-gizon bihurtuko da. Zuzendaria Juan Martinez da. Makilajean oscarra irabazi duen makilatzaile bat izan dugu. Pelikulak itxura ona du.

TVErentzat Plaza España sitcomean parte hartuko duzu datozen egunetan. Zer istorio kontatzen du?

36ko gerra hasieran, Segoviako herrixka batean dago girotuta. Herriko markesa hilko da eta bertako lurrak herritarren artean banatuko dituzte. Nire pertsonaia teniente nazional bat da. Herria zaintzea izango da bere helburua. Gidoiak oso dibertigarriak dira. Atal bakoitza 25 minutukoa da. Horrelako ekoizpen gutxi egiten dira gaur egun.

36ko Gerran girotutako umorezko oso ekoizpen gutxi egin dira, ezta?

Bai, egia esan film eta telesail dramatikoak izan dira gehienak. Nire ustez, maitasunez eta mimoz eginez gero edozer gauzarekin egin daiteke komedia. Gauza da gauzei buelta bat ematea. Kasu honetan ekoizpen ezberdin bat izango dela iruditzen zait.

HillValley ekoizpen etxeak umore surrealistea egin izan du Muchachada Nui eta Museo Coconut saioetan. Plaza España-n ere umore surrealista azalduko da?

Ez hainbeste. Surrealismo ukituak eta berlangianoak egongo dira, baina ez aipatu dituzun bi saio horietakoak bezala. Pertsonaiak normal samarrak dira. Muchahada Nui saioa jarraitzen nuen, Interneten. Telebista ikusteko ez baitut denborarik.

Goizalde Nuñez euskal aktoreak parte hartuko du, garai batean Los Serrano-n ibilitakoa. Egin al duzu lanik berarekin?

Ez, orain arte ez. Eta pozik nago jende berriarekin aritzeaz. Taldeko beste batzuk ezagutzen ditut: Mariam Hernandez eta Alfonso Lararekin Cuatroko Cuestión de sexo telesailan aritu nintzen. Taldeak benetan itxura ona du.

Antena3 kateko Doctor Mateo-n jarraituko al duzu?

Ez, hori amaitu da niretzat. Niretzat oso esperientzia ona izan zen Doctor Mateo-rena. Gonzalo de Castrorekin lan egitea zoragarria izan zen.

Oscar sariak banatu dituzte aste honetan. Zure ametsen artean oscar bat jasotzea al dago ala bestelakoak dira zure ametsak?

Bestelakoak dira nire ametsak. Honetan lan egitea eta lanean jarraitzea da nire ametsa. Aktore lanaz bizitzea eta gustatzen zaizkidan proiektuetan. Lasai bizi nahiko nuke, eta ez dut uste oscar bat irabazita lasai bizi zintezkenik.

ETBrako fikzioan soilik Goenkale egiten da gaur egun. Zer diozu?

Iaz ETB2ko Mi querido Klikowsky-n parte hartu nuen, eta hori ere kendu zuten. Arazo oso larria da fikziorik ez egotea. Zoritxarrez Euskal Herritik joan behar dugu, ez dagoelako industriarik. Buelta bat eman beharko litzaioke egoera horri eta ikus-entzunezkoen aldeko apostua egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.