Seme-alabak hartzearen inguruan hitz egiten duen antzerki lana da En la Lona konpainiaren Sialuk hartz txikiaren bidaia. Sialuk hartz arrea bere ama Nannuralukekin bizi da, Ipar poloan. Azken hori, ordea, hartz zuria da, eta horrek galderak sortzen dizkio Sialuk txikiari; «nondik nator?» edota «nor da nire ama biologikoa?», eta antzeko galderak planteatuko; eta horrek bere iragana aztertzera eramango du. Bidaia horretan, bere beldur eta fantasiei aurre egin beharko die, eta lagun berriak egingo ditu.
Umorea eta samurtasuna nahasten dituen antzezlana da. Istorioaren kontaketa ahoz egiten da uneoro, eta antzerkiak irauten duen denbora osoan clown-ak, txotxongiloak eta dantzariak ikusteko aukera izango dute umeek. Horrela, beraien parte hartzea bultzatzen saiatzen da En la Lona konpainia. Paula Alfieri konpainiaren sortzailearen arabera, «kultura desberdinekiko arteko errespetua eta bizikidetza bultzatzen duen antzezlana da; desberdinen arteko errespetua sustatzen duena».
Aktore lanetan, hiru emakume arituko dira: Anduriña Zurutuza, Nerea Ariznabarreta eta Paula Alfieri bera. Domentx Uzinen musikak girotuko du istorioa gitarra, biolina eta zeharkako flautarekin.
'SIALUK HARTZ TXIKIAREN BIDAIA'
Noiz. Gaur, 18:00etan.
Non. Larratxoko kultur etxean (Altza, Donostia).
Alabak ama ezagutu nahi du
'Sialuk hartz txikiaren bidaia' antzerkia ikusgai izango da gaur, Donostiako Larratxo kultur etxean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu