Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Alargun beltza

2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Nafarroan eman genituen azken pausoak duela hamabost egun. Gaur, Arabako Errioxara goaz.

Javier San Pedro Ortegak txiki-txikitatik bizi izan du ardoarekin zerikusia duen guztia. Mahastizain eta ardogile familiako bosgarren belaunaldiko kidea da, Arabako Errioxako Guardian, hain zuzen ere.

San Pedrok sarritan kontatu duenez, 5 urterekin aitonari laguntzen omen zion upategia garbitzen, eta 17 urterekin bere lehen ardoa egin zuen aitaren upategian (Vallobera). Horretaz gain, Carlos San Pedro osabaren babesa eta laguntza ere jaso izan du; inongo zalantzarik gabe, Errioxako enologo eredugarria, Pujanza upategiaren burua eta gidaria.

Javier San Pedrok 2012an abiatu zuen bere proiektu pertsonala. Jabetzan dituen zazpi hektareatatik jasotzen du mahatsa, eta lehengusuek dituzten beste 46 hektareatatik eta beste mahastizainengandik ere bai. Guztira ehun bat hektarea osatu arte.

Mahasti gehienak Guardian daude, Javierren emazteak Lantziegon dituen bi izan ezik.

San Pedro familian oso sen bikaina izan dute kalitate handiko ardoak prezio onean egiteko, eta Javierren kasua ez da desberdina. Hainbat etiketarekin eta hainbat ardorekin asmatu du. Salmenta handikoak izan dira, eta horrek oinarri finantzario bikaina eman dio asmo handiko beste proiektu batzuekin aurrera egiteko. Oinarrizko ardo horien artean daude Anahi —amaren omenez, Ana Isabel baita—: ardo zuria da, malvasia, tempranillo zuriaz eta sauvignon zuriz egindakoa, 40 gramo hondar-azukre duena. Cueva de Lobos marka: mahasti gazteenekin eginak, hiru ardo, beratze karbonikoa, ondua eta zuria.

Baina San Pedroren lana, batez ere, Viuda Negra sortan zentratzen da, izen berbera daraman armiarman inspiratua. Marka horrekin ardo ondu bat egiten du eta mahasti bateko edo partzela bateko beste bost: Viuda Negra La Taconera Javierren amaren mahasti bateko mahatsez egina. Viuda Negra Villahuercos, tempranillo zuriz egindako ardo espresiboa eta gorputz bikainduna, mahastia oso gaztea izan arren. Viuda Negra Nunca Jamas mahastietako tokirik garaienetan eta elkorrenetan hartzen diren mahatsekin egina eta upelean oso denbora gutxi ematen duena gaztetasuna eta fruta nabarmendu nahian; ez da hain egituratua, baina, eta azidotasun nabarmena eta fruta bikaina eskaintzen ditu. Viuda Negra Prado de las Almas gorria da, prentsaketaren lehen herenarekin egina eta upelean hartzitu eta beste sei hilabete ematen dituena ontzen. Azkenik, Viuda Negra Vendimia Tardia dugu, abenduan bildutako viura mahatsez egina, ekoizpen oso urrikoa.

Viuda Negra Villahuercos nabarmenduko nuke guztietatik, beste hainbat ere bikainak izan arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.