Alarguntzearen beltza

XVI. eta XVII. mendeetako Nafarroako alargunen bizitza aztertu du Amaia Nausia historialariak; bizitza zaila gehienetan, bigarren aukeraren eta garai hartako kode moral estuaren artean bizi beharrekoa.

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arropa beltzak. Horrek ezberdintzen zituen garai batean alargunak gainontzeko emakumeengandik. Hori zen begi bistako aldea, baina baziren gehiago. Egoera berezia zen, izan ere, alarguntza emakumearentzat. Egoera beltza, maiz, senarrarekin batera etxerako iturri ekonomiko garrantzitsua ere galtzen zuelako. Baina, bakoitzaren egoera sozialaren arabera, ordura arte ez bezalako askatasun bat ere ezagutzen zuten zenbait emakumek. Deseroso bilakatzen zituen horrek agintarientzat, Amaia Nausia historialariaren hitzetan. XVI. eta XVII. mendeko Nafarroako alargunen egoera, irudia eta bizitzak aztertu ditu berak, datorren astean aurkeztuko duen doktore tesian. «Susmagarritzat eta elementu subertsibotzat jotzen zituen Elizak eta estatuak emakume haiek, esperientzia sexual bat bazutelako eta beste emakumeek ez zuten autonomia bat ere izan zezaketelako».

Handia zen, horregatik, alargunei ezarri zitzaien kontrol soziala. Eta, beraz, beraiengandik espero zenaren eta bizitzen jarraitzeko behar zutenaren artean aritu behar izan zuten borrokan, maiz. «Etorkizun berri batera edo amildegira eraman zitzakeen alarguntzak emakumeak», azaldu duNausiak. «Bi bide zituen, izan ere, aukeratzeko emakume batek alargun gelditzen zenean: bertutearena edo bizioarena». Eta estua zen bata eta bestea bereizten zituen lerroa. Oso estua.

Kontuz ibili behar beti, neurrian aritzeko. Ezin gehiegikerian erori, baina ezin motz gelditu ere. Baita senarraren heriotzak eragindako mina erakustean ere. «Negar egitea beharrezko praktika sozial bilakatu zen garai hartan, baina gehiegizko negarrak gaizki ikusiak zeuden. Elizak ez zituen gustuko, haien atzean paganismoaren aztarnaren bat egon zitekeela uste baitzuen. Eta zaila zen, beraz, minaren neurria hartzea ere».

Ez zen txikia, gainera, kontrolerako mekanismoa, Nausiak dioenez. XVI. mendean hasi zen estatua eratzen, baita eguneroko bizitzaren kontrola bere gain hartzen ere. Elizarekin batera egin zuen hori, eskuz esku. Nafarroan, gainera, Gaztelako Erresumaren konkistaren garai berean gertatu zen, eta «krisi ekonomiko gogorra» izan zen ondorioetariko bat. Bizitza ez zen erraza, eta are gutxiago alargunentzat. Alargun irudia bete egin behar, batetik, baina bizirik iraun ere egin behar. «Pulpituak, auzitegiak, jokaera egokiari buruzko itunak, ateak eta leihoak, horien guztien bitartez kontrolatzen zen alargunaren jokaera». Goitik beherako eta behetik gorako kontrola, beraz. Eta «alargun onaren» ohoreari eutsi behar guztien aurrean.

«Alargunaren ohorea bezain hauskorra zen haren ekonomia», dio Nausiak. Loturik zihoazen biak. Bizirik irautearekin guztiz uztartuta zihoan, maiz, garaiko kode moralak bete beharra. Haren araberakoa zen senarraren ondasunen erabilera, baita seme-alaben zaintza ere. Maiz joaten ziren, beraz, ohore kontuengatik alargunak auzitara.

Arrazoi ekonomikoak zeuden auzi horien atzean gehienetan, Nausiak dioenez. «Dotea berreskuratzeaz gain, alarguna bizirik zegoen bitartean, berak zuen senarraren ondarearen gozamena, eta hura hiltzean, senarraren arrebak edo anaiak jasotzen zuen ondare hori. Baina bazegoen modu bat alargunari eskubide hori kentzeko: alarguna alargun txarra zela frogatzea. Hala, maiz, herentzia hori jasotzekoak zirenek jotzen zuten auzitara alargunek beren betebeharrei huts egin zietela salatzeko; duelu urtea errespetatu gabe beste gizon batekin egon zirela eta halakoak esanez. Epaileek ere bazekiten hori, ordea, eta alargunen alde egiten zuten askotan».

Bi ahoko ezpata zen alarguntasuna, maiz, emakumeentzat. Askatzailea izan zitekeen, neurri batean, baina baita itogarria ere. Askatzailea, emakumeei beste aukera bat ematen zielako; aukera ekonomikoak ekar zitzakeen zenbaitetan, baita berekin autonomia handiago bat ere. Lan kontratuak sina zitzakeen, lan merkatuan sar zitekeen... Itogarria ere izan zitekeen, baina; gizarteak alargunen zeregina oso zaindua zuelako. «Alde batetik, ordenari jarraitzeko beharra azpimarratzen zitzaion alargunari etengabe. Baina, bestetik, askatasuna ere ekar zezakeen lehenengoz emakumeentzat. Beren kabuz erabaki zezaketen askok lehen aldiz».

Bigarrenez birjina

Kastitatea zen aukera horietariko bat. «Hori zen garai hartan bertuterik gorena. Ezkontzean, baina, harreman sexualak izaten zituen emakumeak, senarrarekiko zegoen konpromisoagatik, eta seme-alabak edukitzeko. Alargun gelditzea, beraz, kastitate hori berriz bizitzeko aukera bat zen». Alde zuten historia ere, XVI. mendean hasi zen katolikoen eta kontra-rreformisten arteko eztabaida batekin lotuta baitago kastitateari ematen zitzaion balioa. «Protestanteek Ama Birjina ez zela birjina esaten zuten, eta katolikoek, aldiz, bazela birjina. Ama Birjinaren irudiak indar handia hartu zuen garai hartan, horregatik, eta alargun batentzat ama izan eta nolabaiteko birjintasun hori izateak, ongi eramaten bazuen, prestigio handia ematen zion gizartean. Harro zeuden beren alarguntasunaz».

Bigarrenez ezkontzea zen alargunentzako beste aukera bat. Baita bizi ahal izateko egin beharreko urratsa ere, askotan. Etxerako diru iturria ziurtatu beharra zegoenetan, adibidez. Onarpenaren eta arbuioaren artean mugitzen ziren halakoetan emakumeak. Kontraesankorra zen, izan ere, Elizak ezkontza haien inguruan zuen jarrera. Alde batetik, haien balioa defendatzen zuten apaizek; baina, beste aldetik, ukatu egiten zieten alargunei ezkontza bedeinkapena. Eta Elizak nola, hala jokatu zuen herriak ere. Alargunak bigarrenez ezkontzean herrian egiten ziren toberak dira horren froga. Zintzarriak jotzen zituzten, gertatua denek jakin zezaten. Erdiz arbuio gisa, erdiz onarpen erritual gisa.

Baztertzea ere ez zen urrun, ordea, kasu askotan. «Hor erortzea oso erraza zen alargunentzat», dio Nausiak. «Baliabide gutxi izanez gero, prostituziora edo lapurretara jo behar izaten zuten zenbait alargunek. Herri txiki batean, lurrik izan ez, dote txikia izan, eta ia ezer gabe gelditzen ziren emakumeak, eta lapurtzea edo Iruñera joatea beste aukerarik ez zuten. Hara heltzean, baina, seniderik gabe, eta sare sozialik gabe, prostituzioa edo lapurreta zen bizitzeko zuten bideetariko bat». Ez zen, beraz, erraza alargun onaren irudia betetzea.

Sorginen irudia

Sorginkeriarekin lotuta ere ageri dira maiz alargunak, Inkisizioaren prozesuetan. Sorginkeriarekin lotzen zituzten guneetan zeudelako gertatzen zen hori nagusiki, Nausiaren ustez, baina hiru dira aipatzen dituen arrazoiak. Zeukaten esperientzia sexualarekin lotutakoa da lehena. «Inkisizioaren hitzetan, beren gaitasun sexuala aztikeria modura erabiltzen zuten alargunek, eta gizonak haien nahien arabera erabiltzen zituztela uste zuten».

Antzinatik dator alargunak eta sorginkeria batzen dituen bigarren arrazoia. «Gaztea bertutearekin lotu ohi da; zaharra, berriz, gaitzarekin eta gaiztakeriarekin. Hala gertatzen da artean, literaturan eta gizartean. Eta emakume zaharren artean, demografia aldetik, asko alargunak ziren».

Baztertzearekin lotuta ere bazeuden maiz alargunak, eta edozein lan eginez egin behar izaten zuten aurrera. Eta hortik zetorren alargunen eta sorginkerien arteko harremanaren hirugarren arrazoia. «Emakumeen esku zegoen medikuntzaren mundua garai hartan, eta ama eta amonengandik jasotako jakintza erabiltzen zuten alargun askok emagin eta petrikilo lanetan. Gizonak hasi ziren, ordea, orduan mundu horretan sartzen, eta emakumeak bota egin behar lehenik, leku hori hartzeko. Sorginkeria akusazio asko egiten ziren haien aurka, horregatik, belarrekin egiten zutena superstizio kontua zela esanez, eta ez zientzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.