Literaturan ibilbide luzea du Felipe Juaristi idazleak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1957). Kazetaritzako lizentziaduna, EHUko irakaslea eta euskaltzain urgazlea da. Irratira iritsi osteko lehen asteetan «liluramendu bat» sentitu du.
Nola jaso zenuen Euskadi Irratiko zuzendari kargua hartzeko deia? Asko kostatu al zitzaizun baiezkoa ematea?
Alberto Suriorekin egotekoa nintzen, ETBko gidoi bat begiratzeko, eta bat-batean galdetu zidan ea Euskadi Irratiko zuzendari izan nahi nuen. Egun batean eman nuen baiezkoa. Kargua hartu aurretik esaten nuen bakarrik Paquirrin bizi zela ni baino hobeto. Erakundeak kritikatzen ditugu, eta hiritar izaerak eskatzen zidan kargu bat eskainiz gero onartzea.
Nolakoak izan dira aurreneko asteak zuretzat?
Liluramendu bat izan da niretzat. Maitasuna bezala, ezagutzen ez duzun zerbaitekin dena erakargarria egiten zaizu. Maitemintze asteak izan dira.
Lehendik egina zegoen lanaren bidetik jarraituko duzu ala beste asmo batzuk dituzu?
Denok gauzak gure erara jarri nahi izaten ditugu halako kargu bat hartzean. Lehendabizi, orain arte egindakoa ezagutu behar da, eta esango nuke lan ona egin dela. Irratiak bizkarrezurra egina dauka, eta aldaketak bizkarrezurra hautsi gabe egin behar dira. Irratia egina dago, eta aldaketa batzuk egin daitezke hobetzeko. Baina ikusi behar da zer aukera ekonomiko dauden.
Zer filosofia edo ideia ezarri nahiko zenioke irratiari?
Filosofia baino gehiago, poesia esango nuke. Irratia hitza da eta poesia hitza da. Belarritik sartzen den zerbait da hitz hori. Ahozkotasuna zaindu behar dela iruditzen zait. Kontuan izan behar da Euskadi Irratia zertarako sortu zen: bereziki, euskal kultura euskaraz zabaltzeko. Niretzat hori gogoraraztea oso garrantzitsua da.
Herri Irratian zegoen literatur saioa desagertu egin da. Euskal literaturari buruzko saio bat Euskadi Irratiko programazioan sartuko al zenuke?
Euskadi Irratian literatura ondo landuta dago, Arantxa Iturberen taldearen eskutik. Idazleak ongi zainduta daude. Izatekotan, poesia saio bat egingo genuke.
Aurrekontu gutxitzea dela eta, murrizketak egin behar izan dira aurten Euskadi Irratian. Produktuari eragin diola iruditzen zaizu?
Bai, argi dago. Gero eta diru gutxiago dugu programak egiteko. Kolaboratzaileak ere murriztu egin behar izan ziren. Ahots bakoitzak munduaren ikuspegi bat da. Eta ahotsak kentzen baditugu, saioaren aniztasuna jaisten da. Kaltea hor dago.
Herritar guztien zergekin ordaintzen dira EITB eta Euskadi Irratia. Ordaintzen dutenen artean %10etik gora ezker abertzaleari botoa ematen diotenak dira. Legez kanpoko ezker abertzaleko ordezkariei ez dizkie irratiak elkarrizketa politikoak egiten, ordea. Ados zaude horrekin?
Hori EITBren zuzendaritzaren erabakia da. Zuzendaritza Eusko Jaurlaritzak jarri du. Gobernua legebiltzarraren gehiengoak onartu duelako dago hor. Arrazoi legalak daude afera horretan. Dena den, herritarren diruarekin gauza asko ordaintzen dira. Adibidez, Guggenheim. Eta niri ez zait okurritzen esatea herritar guztiok Guggenheim ordaintzen dugunez bertan nire alabaren koadro bat jarri behar dutenik.
El País-ek berak Arnaldo Otegi elkarrizketatu zuen. Interes informatiboari begira, entzuleek ez al dute Batasuneko ordezkarien ahotsa entzuteko premia?
El País enpresa pribatua da eta bere interesak ditu. Hau enpresa publikoa da eta plurala da. Konparatu besterik ez dago Euskadi Irratian entzuten diren ahotsak beste hedabide batzuenekin. Konbentzituta nago gauzak nola doazen ikusita ez dugula arazorik izango etorkizunean ezker abertzaleko ahotsak sartzeko.
Euskadi Irratia euskal entzule guztientzat erreferente izateko, zer egin behar da?
Euskararen munduan dauden hedabide indartsuenak ETB1 eta Euskadi Irratia dira. Gure publikoa euskara bizirik dagoen lekuan dago eta gure programazioa horri begira egin behar dugu. Euskaldun guztientzat egin behar dugu irratia. Hori argi izan eta sinetsi egin behar dugu egiten dugun honetan.
Entzule datuei zer garrantzi ematen diezu?
Garrantzia badute. Entzule datuen arabera jartzen dira publizitate estrategiak, batetik. Guretzat egun oso zaila da publizitatea lortzea. Bestetik, datuak garrantzitsua dira jakiteko programazioan asmatzen ari garen ala ez.
Interneti begira, pauso berriak pentsatuak al dituzue?
Horretan ari gara. Proiektu bat badago telebista eta irratia kartara egiteko. Konturatu gara Euskadi Irratiko entzuleak Interneten ibiltzen direla. EITBko webgunean euskarazko audioak gehiago entzuten dira gaztelaniazkoak baino.
Felipe Juaristi. Euskadi Irratiko zuzendaria
«Aldaketak bizkarrezurra hautsi gabe egin behar dira»
Rosa Diez Urrestarazu ETB1eko edukien zuzendari kargu berrira pasa ostean izendatu zuten Juaristi zuzendari, irailaren amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu