Nafarroaren Egunean sortu zen Ihintza Bidart (Baiona, 1992). Orain, Basaizea elkarteko kide den heinean, nafar eta euskaldun ororen besta antolatzea dagokio. Egitarau oparoa eskainiko dute Nafarroaren Egunean eta apiril osoko Kulturaldian, adin guziei egokitutakoa. «Euskal kulturaz gozatzeko, eta euskaraz, noski», azaldu du egitarauaren aurkezpenean. Baigorri (Nafarroa Beherea) euskaldunen biltoki izanen da apirilaren hondarrean.
Euskal herritar ugari batuko dira aurten ere Nafarroaren Egunean.
Bai, nafar guziak; beraz, euskaldun guziak batzen dituen ekinbide nagusia da. Hainbat ekitaldi antolatu ondotik, dena egun batean kontzentratzen da: dantza, kantua, musika... Denetarik izaten da egun horretan. Egun osoan, animazioak badira Baigorri osoan haurrentzat, helduentzat...
Elkarteko kideez gainera, besteren laguntza beharko duzue antolatzeko.
Antolaketa Basaizearen esku da, baina, bistan dena, lan egiteko denen beharra dugu. Badira berrehun pasa langile —kasik hirurehun— egun horretan. Parte hartzen duten guziak ongi etorriak dira.
Nafarroaren Eguna eta, aurretik, Kulturaldia. Zein helbururekin antolatu dituzue?
Lehenik, orokorki, Basaizearen helburua da urte osoan hainbat ekitaldi kultural antolatzea, baina nahi dugu apirila, Kulturaldia, azkarra izatea. Nafarroaren Eguna helburu berberekin sortua da: publiko zabala nahi dugu ukitu; nafar guztiak nahi ditugu batu—eta nafar erratean, euskaldun guziak diot—. Urte hauek aldaketa handiko urteak dira, bai Iparraldean hauteskundeengatik, bai Hegoaldean ere. Nafarroan, adibidez, gobernuaren ahultasunak frogatuak izan dira, eta Euskadin abertzaleak batzen ari dira. Bake prozesuan ere hainbat aldaketa izan dira, eta uste dugu biziki garrantzitsuak direla geroarentzat. Baina aldaketa honetan, Basaizearekin, kulturak bere tokia izatea nahi dugu, kulturarik eta historiarik ez duen herri batek gerorik ez duelako.
Gizartean eta politikan aldaketak izaten ari dira; Nafarroaren Eguna ere aldatu egin da?
Aldaketak izan dira, jende gehiago biltzen baita, baina, azkenean, helburua beti bera da, programazioa ere bertsua da, eta toki bera da. Beraz, gauza gehienak ez dira anitz aldatu.
Baigorri eta inguruan garrantzitsuak dira halako jarduerak euskara eta euskal kultura bultzatzeko?
Garrantzi handia du, noski, bestela giroa hiltzen baita: jendea kanpora joaten da, eta euskara ahuldu egiten da. Aurten, gainera, aldaketa handien urtea da: udala aldatu da. Beraz, animazio gehiago antolatuko dituzte herria biziarazteko, eta Basaizea lagunduko dute herria animatzen. Iniziatiba berri anitz hartuak izan dira azken urte hauetan herria biziarazteko: adibidez, AEK-k gau eskola sortu du Baigorrin, Basaizearen lokalean. Hortik atera dugu aurtengo gogoeta gaualdiaren gaia.
Egun aproposa da Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen harremanak sendotzeko ere. Nolakoak dira harreman horiek?
Ni neu Erratzun bizi naiz; beraz, Hegoaldean, eta Arrosan lan egiten dut; beraz, Iparraldean. Izpegi pasatzen dut egunero, eta ez dut ikusten ez marrarik ez ezer. Izateko eta bizitzeko moldean badira ezberdintasun batzuk. Batzuek diote Iparraldera joatean beti frantsesez ari direla. Iparraldetik Hegoaldera joatean diote gaztelera anitz egiten dutela. Baina gure arbasoak, borroka eta helburua berberak dira.
Uste duzu horrelako jarduera gehiago egin behar direla harremanak egiteko?
Dudarik gabe. Bikaina litzateke etorkizun hurbil batean dena elkarrekin antolatzea eta gauza gehiago egitea.
Nafarroaren Eguna ez dator bakarrik: Kulturaldia eginen duzue hilabete osoan. Aurtengoak zer dakar?
Kulturaldia presoen gaualdiarekin hasiko da, apirilaren 11n.Gaualdi hori guzia Herrira-rekin antolatu dugu, eta, era berean, Herrira-rentzat. Biharamunean, Plaza Xoko gelan ikusgarri bat izanen da. Lviv Ukrainako herritik datorren Les Joyeux Petits Souliers dantza eta kantu taldeak ikusgarri handi bat eginen du, mundu osoan famatua dena. Baigorriko Arrola taldearekin emanen dute, bi talde horiek elkar ezagutzen baitute.
Apirilaren 19an, Gabrielen lekua ikusgarria izanen da Bil Etxea aretoan. Bestalde, Nafarroaren Egunaren bezperan, urte guziz egiten dugun Musikaldia izanen da. Aurten, Mikel Laboari deitu dugu ikusgarria. Lehen partean, Baigorri inguruko kantariak gonbidatu ditugu; bigarren partean, lehen aldikoz Iparraldera etorriko den Zazpi aldiz elur ikusgarria izanen da.
Ikusteko ez ezik, hausnarketarako ere izanen da tarterik.
Kulturaldian gai guziak nahi ditugunez ukitu, gogoeta gaualdia eginen dugu. Gai nagusia Herrian bizi, herria biziarazi izanen da, Lasako gelan, apirilaren 8an. Gaur egun, gazteak eta, orokorki, edozein herritar behartua da herritik urruntzera lanarentzat, ikasketentzat, hainbat arrazoirentzat... Beraz, horren ondorioz, herria pixkanaka husten da; animazio eskasa da, eta ez da herria biziarazten. Herria biziarazteko izan daitezkeen alternatibak eta gazteen parte hartzea landu nahi ditugu. Horretan hasiak gara hiru elkarte: Basaizea, Eskualdun Gazteria eta Adur kultur elkartea.
Haurrentzako jarduerak ere izanen dira.
Publiko zabala ukitu nahi dugunez, Haurren Eguna antolatu dugu. Lehenik, Arrosatik Baionara trenez joanen gara, apirilaren 22an. Hango haurrak ezagutu eta jokoak eginen ditugu. Biharamunean, mendi ateraldia izanen da Baigorriko inguruan, eta arratsaldean, eskulanak, jokoak eta hainbat jarduera.
Nafarroaren Eguna da nagusia, ezagunena. Kulturaldia gehiago zabaldu nahi duzue?
Basaizea ez da bakarrik Nafarroaren Eguna; hori argi geratzea nahi dugu. Erraten dugularik Baigorrikoak garela, segidan diote «Nafarroaren Eguna». Basaizeak urte osoan lan egiten du animazioak antolatzen, eta, horretaz aparte, apiril osoan Kulturaldia bada: publiko guziarentzat da, eta biziki aberatsa. Erraten dugu Nafarroaren Eguna ekitaldi nagusia dela ezagunena eta zaharrena delako. Horren aberasteko, haren inguruan Kulturaldia sortu zen.
Ihintza Bidart. Basaizea elkarteko kidea
«Aldaketen garaian kulturak tokia izatea nahi dugu»
Apirilaren 27an ospatuko da Nafarroaren Eguna, Basaizea elkarteak antolaturik. Aurretik, baina, jarduera anitz izanen dira hilabete osoan, Kulturaldiaren barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu