Vicky Kanpistegi. Salazargo bailarako batzarreko kidea

Aldapak, elurra eta jendetza

Eski estazio gehienak ireki dituzte dagoeneko. Inbertsio handiak egin dituzte azpiegiturak hobetu eta turistak erakartzeko. Eskiatu nahi ez duten turistentzako ere eskaintza oparoak daude

Donostia
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Hasi dira mendiak elurrarekin estaltzen. Azken egunetan auto bat baino gehiago gelditu da errepidean geldituta. Arazo gehiago ere sortu du, baina ezin esan ondorio guztiak txarrak dituenik. Eskiatzaileentzako albiste ederra da hori, eta dagoeneko bat baino gehiago dira etxeko sotoan edo garajean gordeta zeuzkaten eskiak eta mendiko traste guztiak hartuta aldapetan behera ibiltzera joan direnak.

Iazkoa baino hasiera hobea suertatu da aurtengoa. Izan ere, nahiko lehorra izan zen joan den urteko denboraldi hasiera eski estazioentzat. Eskiatzaile zein estaziotako nagusiak, denak, elurra egiten hasteko zain egon ziren denboraldi hasieran. Egoera hori ikusita ere, dagoeneko hasita dagoen denboraldira begira, inbertsio handiak egin dituzte eskiatzeko estazio askotan, batez ere, Pirinioen hegoaldean. Hango gehienek ireki dituzte dagoeneko pistak eskiatzaileentzat, besteak beste, Astun, Panticosa, Candanchu eta Formigalek.

Kataluniako Pirinioetan dauden estazioetan bakarrik, 27 milioi euro inbertitu dituzte berrikuntzak egiteko. Aragoiko (Espainia) pistak eta hango aparkaleku, bide seinale, jatetxe eta zerbitzuak hobetzeko azpiegiturak berritzen, 17 milioi euro.

Eskaintza ugari

Vaqueira Beret da Pirinioetako estaziorik handienetakoa, eta han ere aldaketa nabarmen batzuk egin dituzte. Nabarmenena eraiki dituzten teleaulki berriak dira. Sei lagun sartzen dira, eta Orritik Cap de Vaqueiraraino joateko balioko du. Mendiaren alde guztietara joatea posible izango da zerbitzu horrekin, eta, gainera, orain arte ez bezala, bidaia bakar batean mendiaren iparraldera joateko aukera ere ematen du. Horri esker, gainontzeko teleaulkiak arintzea eragingo du, ilara luzeak laburrago eginez. Gauza gehiago ere berritu dituzte, eta guztien kostua 11 milioi eurokoa izan da. Teleaulkien lanek bakarrik 6,5 milioiko kostua izan dute.

Eskiatzaileentzako zerbitzuak hobetzeko izan dira neurri handi batean inbertsio horiek, baina bestelako turistentzako zerbitzuak eskaintzeko ere lan handiak egin dira. Estazio askok, eskiatzeaz gain, beste aukera alternatibo batzuk eskaintzen dituzte, bestelako turistak erakartzeko asmoarekin. Hau da, eskiatu gabe estazioetan ongi pasatzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte, horrela, beste jende mota bat ere biltzeko. Besteak beste, indar handia dauka eskaintza gastronomikoak, baita naturarekin eskiatu gabe gozatzeko ekintzen eskaintzak eta eskualdeetan zirkuitu kulturalak egiteko aukerak ere.

Pirinioen ipar isurialdean ere irekita daukate estazio bat baino gehiago, besteak beste, Somport-eko Nordico estazioak, Gourettekoak eta La Pierre Saint Martin estazioak.

Pirinioen hegoaldekoek bezalaxe ere, inbertsio handiak egin dituzte ipar isurialdeko eski estazioek. La Pierre Saint Martinen, adibidez, azpiegituretan berrikuntzak egin dituzte. 176 metroko pista berri bat egin dute, eta orduko 1.200 pertsona hartzeko gaitasuna dauka. 50 urte bete ditu aurten gainera, eta ospakizun ugari izango dituzte horren harira. Joan den asteburuan ireki zuten, Ronne Errezarret hango langileak adierazi duenez: «Aurreko asteburuan zabaldu genituen pistak, eta apirilaren 12ra arte edukiko ditugu irekita». Denboraldia ongi hasi dutela ere nabarmendu du, elur nahikoa dagoelako: «Gailurrean metro eta erdi elur dago, eta beherago metrokoa».

Artousteko eski estazioak oraindik itxita jarraitzen du, izan ere, abenduren 18an irekiko dute. Aurreikusi dutenaren arabera, hurrengo urteko martxoaren 20ra arte edukiko dituzte irekita pistak. Hara joaten direnen %30ek ez dute eski tradizionala praktikatzen, eta snow boardaren zaleentzat ongi prestaturiko estazioa da. Gouretteko estazioak 16 milioi euroko inbertsioa egin du azpiegiturak hobetzeko. Telekabina bat jarri berri du 1.200 autorentzako tokia duen aparkalekutik estaziora joateko.



Autobusa,Gourette etaArtoustera

Gouretteko eski estazioak autobusak jartzea erabaki du, ingurumen babesaren politikari jarraituz. Irundik (Gipuzkoa) abiatu eta Baionatik pasata, eski estaziora joango da autobusa larunbatero. Irundik 06:45ean abiatuko da, Baionan 07:15ean egingo du geldialdia, eta Gourettera 08:50 inguruan iritsiko direla uste da. Etxera bueltatzeko, berriz, eskiatzeko estaziotik 17:00etan irtengo da, Baionara 18:15ean iritsiko da, eta Irunera 18:45ean. Zerbitzu horren helburu nagusia autoen erabilera gutxitzea da, oinezkoen mesederako; eta estaziokoen esanetan, baita natura errespetatzeko ere.

Artoustera joateko ere zerbitzua jarri dute -hilaren 18 eta 26an, urtarrilaren 8 eta 22an, otsailaren 5 eta 19an eta martxoaren 5 eta 19an-. Hendaiatik abiatuko da autobusa, 06:00etan; Donibane Lohizunetik, Getariatik eta Bidartetik pasatu ondoren, Miarritzera iritsiko da, 06:30ean. Baionatik06:50 inguruan pasatuko da. Eta zuzenean Artoustera abiatuko da, 09:30 inguruan iristeko. Itzultzeko ordua 17:30ean dago ezarrita.





Vicky Kanpistegi.Salazargo bailarako batzarreko kidea

«Eskaintza hobetzeko, inguruko sei eski estaziok hitzarmena egin dugu»

X. O. Donostia

Salazargo bailarako batzarrak kudeatzen du Abodi mendiko eski estazioa. Vicky Kanpistegi batzarreko kidea da, eta Otsagabiako (Nafarroa) Udaleko Eski Eskolako Kanpainaren koordinatzaile eta eskiatzailea. Abodiko estazioaren funtzionamenduaz, berrikuntzez eta proiektuez mintzatu da.

Zer-nolako eski pistak dauzka Abodik?

Abodiko pistak iraupen eskia egiteko daude prestatuta. Iratiko basoaren pagoetatik pasatzen dira, baita Ori mendiaren inguruetatik ere, hau da, Pirinioetako 2.000 metroko lehen mendiaren ingurutik.

Noiz irekiko dituzue pistak jendearentzat? Eta noiz ixteko asmoa daukazue?

Atzo ireki genituen lehenengo aldiz, baina noiz itxi erabakitzeko dago oraindik. Denboraldiaren arabera izan ohi da hori. Dena ongi doala ikusten baldin badugu, Aste Santu ondoren itxiko ditugu pistak.

Denboraldi ona izatea espero al duzue?

Oraingoz, ongi hasi dela dirudi. Elur maila egokia dago oraingoz, eta elurra egiten jarraitzen du. Egunero ematen dugu informazioa www.valledesalazar.com webgunean.

Nongo jendea joan ohi da eskiatzera? Eta zein garaitan izaten da jenderik gehien?

Abodira datorren jendea nafarra eta gipuzkoarra izaten da normalean, eta asteburuetan biltzen da jende gehien. Jaiegunetan ere antzematen da jende gehiago, batez ere inauterietako festa egunetan. Aste barruan Eskiatzeko Eskolen Kanpaina izaten da.

Aurten hitzarmena sinatu duzue sei estaziok. Aldaketarik ekarriko al du horrek?

Bai. Aurtengo berrikuntzarik nagusiena Abodiko estazioak inguruan dauden iraupen eskiko beste bost estaziorekin egin duen akordioa da. Nordic 6 izeneko espazioa sortu dugu, eta denboraldi osorako bonu bat eta astebeteko epea daukan beste bat jarri ditugu salgai. Bonu horiek sei estaziotan sartzeko aukera ematen dute, jendeari aukera gehiago emanez, eskaintza hobetu eta erakargarriago eginez. Honako hauek dira estazioak: Abodi, Larra Belagua (Nafarroa), Linza (Nafarroa), Iratiko Etxolak (Zuberoa), La Pierre Saint Martin eta Ilssarbe.

Etorkizunera begira, zer proiektu dauzkazue?

Salazar bailarako batzarrak kudeatzen du Abodiko estazioa, eta aterpetxe berria egiteko proiektua dauka. Oriko errepidean, Pikatuan eraiki nahi da, eta finantzabidea lortzen ari da, ahalik eta lasterren eraiki ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.