ATZEKOZ AURRERA. Maria Escribano. Etnomusikologoa

«Aldarrikapen giroan berreskuratu zen txalaparta»

Txalaparta ohitura eta musika instrumentu gisa eta, bereziki, giza fenomeno gisa aztertu du Escribanok. Azaldu du aldarrikapenari loturik garatu zela, baina egun esparru zabalagoa duela.

Iker Tubia.
Iruñea
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Txalapartari buruzko doktoretza tesia egin zuen Maria Escribano etnomusikologoak (Madril, 1972), musika tresna horren inguruko mugimendu sozialak erakarrita. Horri buruz mintzatu zen atzo Iruñean, Txalaroa jardunaldietan.

Nola egin zenuen topo txalapartarekin?

TVE 2 katean ikusi nuen lehen aldiz: euskal gatazka modu antagonikoan ageri ez zuen dokumental batean. Amak esan zidan hura txalaparta zela. Gero, Aitor Beltran aditu nuen Madrilen. Liluraturik utzi ninduen.

Zerk eraman zintuen txalaparta fenomeno sozial gisa aztertzera?

Antropologia sozialerako ikerketa bat egiten ari nintzen: euskarak zer esan nahi zuen Madrilgo euskal etxean ikasten ari zirenentzat. Oso diskurtso sakona zuten. Kontzertu bat egin behar genuen, txistulariekin, eta elkarrizketatuetako batek esan zidan txalaparta nahiago zuela, gaztea eta iraultzailea zelako. Zur eta lur utzi ninduen adierazpen horrek, eta ikertzea erabaki nuen.

Doktoretza tesia zergatik egin zenuen Irlandan?

Askeago izanen nintzelakoan. Euskal aferarekin lotutako gai bat ez nuen estatu espainiarrean landu nahi. Eta Irlandak erakarri egiten ninduen; 16 urte eman nituen han.

Txalaparta gaztea eta iraultzailea zela egiaztatu zenuen?

Bada, egia esan, bai. Ezker euskaltzalearen alorrean, batik bat independentistan, sentimentu bat sortu zuen. Espiritu iraultzaile edo aldarrikatzailea garapen natural bat izan dela esan liteke. Txalaparta aldarrikapen giro batean berreskuratu zen, 1960ko hamarkadaren bukaeran, borroka garai betean. Ez Dok Amairu taldearentzat, txalaparta erdigunean zegoen. Benito Lertxundik zioen haientzat totem moduko bat zela. Ikuskizunaren erregina zen. Modu horretan, aldarrikapenari loturik geratu zen. Hori mantendu du orain gutxi arte. 90eko urteen bukaeran, kutsu iraultzailea galtzen hasi zen.

Nola garatu da 1990etik aurrera?

Hernaniko Udalaren bidez, txalaparta beste musika tresna arautu gabeen artean sartzeko programa bat sortu zuten, Juan Mari Beltranekin. Errepertorio bat eta irakaskuntza sistema bat sortzeko beharra agertu zen, eta idazkerara jo zuten transmisiorako tresna gisa. Txalaparta moldatzen hasi zen, musika eraikitzen hasi ziren Mendebaldeko arauei jarraikiz. Kepa Junkeraren bidez, txalaparta musikaren industrian sartu zen. Beraz, aldarrikapen girotik at dagoen jendea gerturatzen hasi zen.

Mugimendu soziala da oraindik ere txalaparta?

Bai, bai. Mugimendu sozial garrantzitsu bat da oraindik ere. Txalapartak esanahi unibertso bat du. Gezurra dirudi hainbesteko aberastasuna izan dezakeela: jotzeko moduak, ulertzeko moduak eta mundua ulertzeko moduak. Inprobisazioa botere harremanekin lotzen dute txalapartariek. Txalaparta anarko edo librea, askatasun nahiaren isla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.