«Hitlerrek zoroetxe bat bisitatu du. Lerro bat osatuta, denek jaso dute besoa, agur nazia eginez. Denek, emakume batek salbu. 'Zuk zergatik ez duzu gainontzekoek bezala agurrik egiten?', galdetu dio Hitlerrek. 'Ni ez naizelako zoroa, erizaina naiz'». Gisa horretako txisteak bildu ditu Rudolph Herzog (Munich, Alemania, 1973) zinemagile eta idazleak Heil Hitler, das Schwein ist tot! (Heil, Hitler, txerria hilda dago) dokumentalean eta izen bera daraman liburuan. Bilboko JA! umore jaialdian parte hartu du.
Umorearen sena al zuen Hitlerrek?
Jendaurreko hizlaria zen. Hark emandako hitzaldi asko eta asko azter daitezke, eta ikusi dut funtsean aurkariaren aurka jotzen zuela, haiek irrigarri uzteko. Ezin da umoreaz hitz egin. Etsaia ergel sentiarazi nahi zuen. Hitzaldi batean, esaterako, Chamberlain iraindu zuen, haren aterki famatua dela eta ez dela; Roosevelti elbarri deitu zion, modu iraingarrian hari ere.
Ohikoak al ziren garaiko txiste politikoak?
Bai. Garaiko jendeari galdetuz, txiste asko egiten zirela esango dizu. Ohikoago izan zen diktadura garaian demokrazian baino.
Gobernu naziak zigortzen al zituen erregimenaren aurkako txisteak?
Oso gutxi. Gauza batez konturatu ziren: kalean edo lagunei txisteak kontatuz, jendeak barrenak arintzen zituen. Frustrazioak alde batera uzten zituen. Amorrua txisteen bidez kanporatzen zutenak, gero ez ziren kalean gobernuaren aurka altxatzen. Polizia naziak zigor abisuak ematen zituen bakarrik, eta inoiz isun txikiak jarri. Baina gerraren azken zatian urduri jartzen hasi ziren. Exekuzio adibideak ere badaude, nahiz eta oinarrian arrazoiak bestelakoak ziren. Norbait harrapatu nahi bazuten, edozein aitzakia zen ona. Alderdi naziko kide izanda, edozein txiste zen zilegi.
Txiste horiei esker, hango bizimoduaren berri jaso al dugu?
Badakigu jendeak kontzentrazio esparruei buruzko txisteak kontatzen zituela kalean. Gerra bukatutakoan, «ez genekien ezer» esaten zuten denek, baina ikusten da bazutela han gertatzen zenaren berri. Balio dute garaiko jendearen buruetan sartzeko eta zer pentsatzen zuten jakiteko. Ikusten da, adibidez, lider batzuk atsegin zituztela. Goringek, esaterako, ospe ona zuen. Haren aurkako txisteak ez ziren batere kaltegarriak.
Werner Finck kabareteko artista ospetsu egin zen Berlinen. Gestapoko poliziak ere ikuskizunak ikusten joaten ziren sarri, han zer esaten zen ikuskatzera. «Arinegi hitz egiten al dut? Jarraitzeko kapaz zarete ala nahiago duzue neuk jarraitzea zuei?». Goebblesek kabareta itxi eta kontzentrazio esparrura eraman zutela kontatzen duzu liburuan.
Bai. Baina aktore ospetsu batek esku hartu zuen auzian, eta handik atera zuten Finck. Atera zuten bakarrenetarikoa izan zen. Abilezia handia zuen esanahi bikoitza zuten txisteak egiteko. Polizien abisuren bat jasoz gero, beti esaten zien: «Hori zuek interpretatu duzuena da».
Erregimenaren aurkako erresistentzia baketsutzat jo daitezke txiste horiek?
Ez. Masa fenomeno bat izan zen. Gerra etxera iritsi zitzaigunean, Armada Gorria Berlinen sartu eta etxez etxe hasi zen jendea fusilatzen, erresistentzia handia zegoelako antolatuta. Bada, etxeak defendatzen zituzten pertsonak ziren txiste horiek kontatzen zituztenak.
Charlie Chaplinen The Great Dictator filma propaganda erreminta indartsua izan zen. Umoreak ere boterea du.
Bai. Naziak ere saiatu ziren umorezko propaganda egiten, baina ez zuen arrakasta handirik izan. Egiten zuten komedia guztiz antisemita zen.
Liburuan diozunez, hain zuzen ere, juduak ziren umore beltza era gordinenean erabiltzen zutenak.
Auschwitzeko kontzentrazio esparrutik bizirik atera zen batek kontatu zidanez, umorerik beltzena Auschwitzen bertan entzuten zen. Gas ganberetara sartzera zihoazen juduen artean sarri entzuten omen zen: «Zure atzetik».
ATZEKOZ AURRERA. Rudolph Herzog. Zinemagile eta idazlea
«Alderdi naziko kide izanda, edozein txiste zen zilegi»
Alemania nazian herriak bazuen kontzentrazio esparruen berri. Hori dio Herzogek, garaiko txisteak aztertu ostean. Hain justu, umorerik beltzena Auschwitzen bertan erabiltzen zela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu