Tropeleko gurpilen erritmoari segika urteak eman ditu Peio Ruiz Cabestanyk (Donostia, 1962). Haren erritmoari ere jarraitu izan diote, helmugara bakarrik iristea lortu arte. Hamazazpi urte dira txirrindulari profesional izateari utzi ziola; halere, pedalkadak ematen jardun du gero ere, lasterketen berriemaile gisa. Udak lanean eman ditu; neguak, berriz, oporretan. Duela hiru urte alboratu zuen eliteko txirrindularitza, baina ez du horregatik bizikleta baztertu. 2008ko uztailean elkarrekin egin zuten bidaia Etiopiara.
«Atera niri txartela», esan zion Cabestanyk Etiopiara zihoan lagun bati. Ez zuen, ordea, Addis Abebatik Mekelerako hegazkin txartela hartzerik nahi.Ibilbide hori bizikletaz egitea zuen buruan, lagunak erotuta zegoela esan bazion ere: «Arriskutsua zela esaten zidan, hori ez egiteko». Zakutoak bizikletara igo, eta Addis Abeban lur hartu zuen. Hori bai, enbaxadari bere bisitaren berri eman zion, laguna lasaiago gera zedin. Addis Abebatik, beraz, poliki-poliki ekin zion 700 kilometro inguruko ibilbideari: «Wukro nuen helmuga. Nora zoazen jakinda, errazagoa da ibiltzen hastea». Angel Olaran misiolaria eta haren lagun guztiak zain zituen abenturaren amaieran.
Hiru aste eman zituen Etiopia erdialdetik iparraldera zeharkatzen. Internet bidez oinarrizko informazioa bildu bazuen ere, zerbaitek harritu zuen bideari ekin zionean: «Ez nuen imajinatzen Etiopian horrelako mendateak zeudenik. Mendate asko dago, eta dena berdea da». Euria eta eguzkia izan zituen lagun, baita mendi tontorretako hotza eta mendi azpiko beroa ere. Tipi-tapa, tipi-tapa, erlojuari begiratu gabe, abiatu zen: «Bizikletaz zoazenean, lasai atera behar duzula ikasten duzu. Egunsentian irten, eta, egun osoa duzunez, ez duzu arazo handirik». Arazorik ez zuen izan, baina etiopiarrek ez zuten harengan konfiantza gehiegirik: «Hurrengo egunean zer egin behar nuen esaten nienean hori ezinezkoa zela esaten zidaten, ez nuela egingo».
Lagun askorekin egin zuen topo. Begira geratzen zitzaizkion; hark, berriz, denak agurtzen zituen. «Azal zuriko bat mendiko bizikleta batean ikustea harrigarria zen haientzako». Zonaldearen arabera, hainbat etnia eta tributako lagunak ezagutu zituen, eta bakoitzari nola zuzendu ere ikasi zuen, etiopiarren gisan: «Ekialdera joan ahala musulmanak topatu nituen. Haiek ez ninduten horrenbeste agurtzen, baina entzun nien Salam Alek esaten ziotela elkarri; nik ere hala esaten ikasi nuen».
Haurrek utzitako oroitzapenak bereziki ditu gordeta: «Errespetuz beteak dira; ezer izan gabe ere, duten apur hori oparitzen dizute». Neskato batekin gertatutakoa ongi gogoratzen du, txikleak saltzera gerturatu zitzaionean. Ez zuen txikleak erosteko asmorik. Neskatoa, txintik ere esan gabe, atzean geratu zitzaion. «Ordu erdia emango zuen han, niri begira, eta azkenean erosi egin nizkion». Erosi ondoren, ordea, txikle bat jan eta gainerakoak oparitu zizkion. Neskatoa gertatutakoa lagunei kontatzera joan, eta itzulitakoan txikleak oparitu zizkion Cabestanyri. «Nik berriro erosi nizkion, eta banindoanean, atzetik etorri eta paketea oparitu zidan. Bera irabazten atera behar!».
Errepide bazterretan indipikuak, azenarioak eta limoiak saltzen topatu zituen haur asko. Haiei erositakoei esker egiten zuen aurrera, herri batera heldu eta atseden hartzeko aukera izan arte. Lo egiteko, berriz, topatzen zuen lehenengo hotelean hartzen zuen ostatu. «Bere xarma dauka dena aldez aurretik prestatuta ez izateak; leku batera joan eta dagoenaren arabera moldatzea erakargarria da». Askotariko ostatuak ezagutu zituen; itxurosoena, mendi ingurutik jaistean, Mekelen. Tigray eskualdeko hiriburua da, eta handik «etapa lasaiena» geratzen zitzaion: 50 kilometro, Wukroraino. Ongietorria bizikleta gainean egin zioten haurrek.
2009. urtean berriro bisitatu zuen Etiopia, baina orduan lagunak izan zituen alboan. Esperientzia ezberdina izan zen: «Jendearekin irekiagoa izaten laguntzen dizu bakarrik bidaiatzeak, eta umilagoa izaten ere ikasten duzu. Pena ematen du denbora gehiago ez izatea toki batean geratu eta inguruaz gozatzeko». Baditu aurretik udak, bizikletarekin edo gabe, Etiopiara itzultzeko.
2008. Peio Ruiz Cabestanyren uda
«Aldez aurretik bidaia ez prestatzeak bere xarma dauka»
Hiru aste eta zazpiehun kilometroko bidaia egin zuen Cabestanyk duela hiru urte. Etiopia erdialdetik iparraldera zeharkatu zuen bizikletaz, Addis Abebatik Wukroraino. Irteera eta helmuga argi zituen; beste guztia, patuaren menpe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu