Udaberrian sartzearekin batera, herriz herri loratzen hasten dira eskulangileen, nekazarien eta bestelako ofizioen azokak Euskal Herrian. Anne-Kathrin Gragert eta Heike Hosterey alemaniarrak euren furgoneta hartu eta inguruko txoko guztietara mugituko dira aurten ere kaikuak, xaboiak eta produktu naturalak saltzera.
1993.urte aldera etorri ziren Alemaniatik Euskal Herrira. Malerrekan bizi izan ziren lehenengo urteetan. Sunbillan, Patxiku Larretxea ezagutu zuten, eta hark erakutsi zien ogibidea. «Patxiku ezagutu arte ez genekien kaikua zer zen ere; benetan maisu paregabearekin egin genuen topo; zekien guztia erakusteko prest agertu zen beti Patxiku; eskuzabal hartu ninduen», dio Gragertek, hura izan baitzen ofizioa ikasten lehena. Euskal Herrian, nahiz eta kaikua erabiltzeko ohitura galdua egon, oraindik badira zenbait kaikugile Nafarroa aldean. Gipuzkoan, ordea, Gragert eta Hosterey dira ofizioan aritzen diren eskulangile profesional bakarrak.
Urki egurra moztu, neurriak zehaztu eta barnealdea hustuz egiten dute esnea biltzeko ontzia; azkenaldian, abeltzaintzaren ondare historiko bihurtu da. «Penagarria da, baina, teknologiekin daramagun abiadurarekin, erakusketetan, museoetan eta sinbolo gisa erabiltzen da azkenaldian kaikua», Hostereyk argitu duenez.
Sunbillan ofizioa ikasi, eta Zegamara joan ziren 2000.urtean. Aizkorriren magaleko Aristi Zahar lorez beteriko harrizko baserri goxoan bizi dira gaur egun.
Kaikugintzatik bizitzea ezinezko zela ikusi zutenean, Garbi izeneko produktuak egiteari ekin zioten. Hosterey kazetari, argazkilari eta idazlea da lanbidez, baina amonarekin ikasi zuen sendabelarren mundua nolakoa zen.Gragert, berriz, biologo analista da ikasketaz, eta laborategi batean lanean aritua, hain zuzen. Bi arloak bateratu, eta usain, ezaugarri eta sendabide askotako 30 xaboi egiten dituzte eskulangile alemaniarrek euren etxe ondoko tailerrean.
Garbi produktuak
Aloezkoa, arrosa mosketazkoa,buztinezkoa, kafe aromaduna, ilenezkoa, izpiliku eta kokozkoa, oloa, patxuli eta beste hainbat usainetako gorputz garbigarriak egiten dituzte Aristi-Zaharren. Azaleko gaixotasunentzat eta beste erabilera askotarako balio dute xaboi natural horiek.
Hasieran «beldur ginen, ez genekielako merkatuan eskaerarik izango genuen», Hostereyren arabera, baina, pixkanaka, produktu gehiago sortzen joan dira. Orain, xaboiez gain, bainurako gatz lasaigarri eta estimulatzaileak merkaturatzen dituzte; muskuluetako mina kentzeko balio dute, eta arrosa mosketazko olioak ere prestatzen dituzte, masajerako. Negu aldera, uretan desegiten diren xaboiak egiten dituzte, bainua hartzeko horiek ere.
Produktuak modu tradizionalean ekoizten dituzte, kalitate handiko landareak eta tenperatura baxuak erabiliz; horrela, lehengaiak ez du bitaminarik eta mineralik galtzen.
Alemaniar euskaldunak
Euskal Herrira iristean, ofizioan trebatzeaz gain, euskara ikastea izan zuten lehen erronketako bat. «Hizkuntzaz maitemindu ginen, eta hemengoekiko errespetua azaltzeko modua zela iruditu zitzaigun», dio Gragertek. «Hanka-sartze ederrak eginez eta euskaltegian emandako bost urte luzeko klase eta barnetegi ugariren ondoren, hizkuntza apur bat menperatzea lortu dugu», dio Hostereyk irribarretsu.
Azoketako esperientzia
Eivissa, Guadalajara, Valentzia, Madril, Bartzelona, Bretainia, Alemania eta beste hainba tokitako azokak ezagutzen dituzte, «baina gure salmenta gunea Euskal Herria da. Hemendik kanpora ateratzeak gastu handia dakar, eta Euskal Herritik kanpo ez dute ezagutzen kaikua; orduan, ez dauka hemen daukan baliorik», Hostereyren arabera. Urte asko daramatzate azokarik azoka bi eskulangileek. «Gu hasi ginen garaietatik asko ari dira aldatzen azokak. Gaur egun, gero eta gutxiago egiten dira, eta afizioz aritzen diren jubilatu artisau asko animatzen da azoketan postua jartzera», Gragertek adierazi duenez. Aniztasunaren eta ugaritasunaren alde daude, baina horretatik bizi diren eskulangileei lehentasunak jartzearen alde daude; «sarritan ez da kontrolik izaten, eta, gustuz ari den artisauak ez bezala, autonomook galtzeko asko dugu», Hostereyk dioenez.
Hurrengo azoka gaur dute, Zegaman, Erlezainen egunean. «Erlearekin lotutako produktuez gain, eskulangileok ere ipintzen ditugu gure salmenta postuak».
Aste Santura begira, beharbada Bilboko azokara joango dira. «Maiatzetik aurrera hasiko da azoken joan-etorri handiena», argitu du Hostereyk. Errenteriara joatekotan dira, eta maiatzaren bigarren asteburuan izaten den Ordiziako Erdi Aroko azokan izateko esperantza ere badute. «Herri guztiak zehazteke ditugu oraindik; datozen bezala joaten gara baimenak eskatzen», esan du Gragertek.
Azoketatik aparte, www.jabonesnaturalesgarbi.com webgunearen bidez eska daitezke euren produktuak.
Alemaniatik kaikugintzara
Anne-Kathrin Gragert eta Heike Hosterey kaikugintzan aritzen diren eskulangile bakarrak dira Gipuzkoan. Datozen hilabeteetan, Euskal Herriko hainbat txokotako azokatan izango dira; gaur bertan, Zegaman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu