Janari batekiko alergia gure sistema immunologikoak edo defentsak jan dugun zerbait toxikotzat hartzen duenean gertatzen da. Alergia eragiten duen janariaren osagaiari alergeno deritzo. Gorputza alergenoetatik babestu nahian, defentsa sistemak immunoglobulina (IgE) izeneko antigorputzak sortzen ditu. IgE horiek zenbait zelulak odolean histamina askatzera bultzatzen dute. Histamina hori izan ohi da alergiaren sintomen erruduna.
Fruitu lehorrei dagokienez, janari energetiko (batez beste 500 Kcal/100 gramoko) osasuntsua dira. Proteina, koipe asegabe, bitamina, gatz mineral, zuntz eta elementu fitokimiko ugari dituzte. Hala ere, alergia gehien eragiten duen janaria da, batik bat haur txikietan. Edonola ere, nerabe eta helduetan ere sor dezake alergia.
Ikerketen arabera, biztanleriaren % 1-7 inguruk du alergia mota hori. Alergia gehien eragiten duen fruitu lehorra kakahuetea da. Almendrek, hurrek eta intxaurrek jarraitzen diete. Pi-naziak eragiten du alergia gutxien.
Sintomak:
Bakoitzaren alergia mailaren araberakoak dira sintomak. Pertsona guztietan ez dira denak gertatzen, ezta indar berarekin ere. Ondoko hauek dira sor ditzaketen erreakzioak:
• Inurridura aho eta ezpainetan.
• Azkura eta tanta jarioa sudurrean.
• Begi negartiak.
• Orbanak edo urtikaria larruazalean.
• Tripako mina, okak eta beherakoak.
• Kasurik larrienetan, itolarria eragin dezaketen mukosen hanturak. Lehenbailehen erremediorik jarri ezean, heriotza ekar dezake.
Alergenoa irentsi eta segundo gutxitara edo bi ordutara ager daitezke sintomak.
Lehenengo, diagnostikoa:
Haurren kasuan, diagnostikoa ez da erraza. Oso txikia bada, ez da gai zer sentitzen duen adierazteko. Beraz, oso garrantzitsua da haur txiki bati lehen aldiz janari bat ematen diogunean —bere-ziki, fruitu lehorren kasuan— zein erreakzio duen behatzea. Erne egon beharko dugu ea eskuak begira, ahora edo sudurrera eramaten dituen, ea azkura duen, ea tripako minik edo beherakorik duen... Haur txikiei fruitu lehorrik ez zaie eman behar 3 edo 4 urte arte. Familian alergia arazoak izan badira, bost urte arte ez ematea gomendatzen dute.
Nerabe edo helduen kasuan, fruitu lehorren bat jandakoan aipatutako sintomaren bat edo gehiago sumatzen badira, alergologoarengana jo beharko dute. Alergia probak egin eta horren araberako erabakiak hartu.
Tratamendua:
Alergiaren kontrako tratamendu bakarra dago: alergia eragiten duten fruitu lehorrak eta haiekin ekoitziriko janari guztiak ohiko elikaduratik kanpo uztea. Horretarako, ezinbestekoa izango da osagaien etiketak ongi irakurtzea.
Fruitu lehorren kasuan, familia botaniko batekoak baino gehiagokoak direnez, baliteke soilik batzuek eragitea alergia. Alergia eragiten ez dutenak azalarekin erostea beharrezkoa da, zuritutakoak alergenoekin kutsa daitezkeelako zuritzeko orduan.
Saihestu beharreko janariak:
• Fruitu lehorrak oro har: kakahueteak, almendrak, intxaurrak, hurrak, ekilore pipitak, pinaziak, pistatxoak, gaztainak eta anakardoak.
• Osagai nagusi gisa fruitu lehorrak dituzten janariak: mazapana, turroiak, bonboiak, zenbait txokolate, fruitu lehorren gurina (kakahuete, almendra edo anakardoarena), fruitu lehorren olioak (ekilore olioa), fruitu lehorren kremak, entsalada edo pastarentzako saltsa batzuk (pesto, barbakoa).
• Fruitu lehorrak dituzten gozoak: hainbat bizkotxo, ogi gaileta eta opil, gosariko zituak, izozkiak... Esan bezala, zer osagai dituen jakiteko, etiketak ongi irakurtzea oso garrantzitsua da.
• Badira fruitu lehorrekin ekoizten diren zenbait kosmetiko ere; almendra olioa, esaterako. Kasu horretan, almendrari alergia diotenek, ziurrenik, ezingo dute erabili. Hala ere, alergia duenak zenbateraino onartzen duen jakin behar da hori erabakitzeko.
Laburbilduz:
Fruitu lehorrak jatean aipatutako sintomak sumatzen badira, janari hori alde batera utzi eta alergiaren probak lehenbailehen egin. Emaitzen arabera, tratamendua erabakiko da.
Osasuna. Elikadura
Alergia fruitu lehorrei
Energiaz beteriko elikagai osasuntsuak dira fruitu lehorrak. Hala ere, alergia gehien eragiten duen janaria da, haur txikietan batez ere. Ikerketen arabera, biztanleen %1-7 inguruk dute alergia mota hori. Fruitu lehorren artean, kakahueteak eragiten du alergia gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu