Babesa etenik gabe jasotzen jarraitzen du BERRIA Taldeak herrietan: Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat egin dute Tolosaldeko (Gipuzkoa) eta Leitzaldeko (Nafarroa) alkate guztiek. Tolosan agerraldi bat egin zuten atzo, atxikimendua agertzeko: hogei hautetsi batu ziren —gainerako hamarrek ezin izan zuten joan, baina atxikimendua agertu dute—. Inguruko herrientzat euskarazko hedabideak ezinbesteko direla aldarrikatu zuten, eta herritarrei egin zieten dei: emateko laguntza BERRIA Taldeari, une zailetan aurrera egiteko modua izan dezan eta euskarazko komunikabideak sustatzen segi dezan.
Egoeraren larriaren berri Martxelo Otamendik, BERRIA egunkariko zuzendariak, eman zien alkateei. Publizitatea nabarmen jaisteak ataka zailean jarri du taldea: «Jaitsi egin da publizitatea, eta dirua galtzen ari gara azken urteetan». Horri aurre egiteko, beste bide batzuen bila hasi da taldea, eta BERRIAlagunak lortzeko kanpaina abiatu du, dirua lortzeko asmotan. Otamendi: «Oraingo diru sarrerak ez dira nahikoa. Komunitate bat nahi dugu, babestuko gaituen komunitate bat. Uste dugu gure herriak behar dituela gisa horretako komunikabideak».
Inguru euskalduna da, eta euskarazko hedabideek aurrera egitea nahitaezkoa da Tolosaldearentzat eta Leitzaldearentzat. Hori uste du Ibai Iriarte Tolosako alkateak: «Euskara sustatu nahi dugu, euskarak behar du izan hizkuntza nagusia. Kalean geroz eta gehiago entzutea nahi dugu, eta, horretarako, garrantzitsua da hedabide indartsuak izatea». BERRIA Taldearen ekarpena nabarmendu du Ainhoa Ugaldek, Irurako alkateak: «Beharrezkoa da bai eskualde honetan eta bai Euskal Herri osoan egiten duen lana».
«Harrera ona dute»
Euskaraz irakurtzeko aukera badaukate Tolosaldeko eta Leitzaldeko herritarrek: BERRIA ez ezik, eskura dute eskualdeko Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkaria ere, eta herrialdeko Gipuzkoako Hitza ere bai —Leitzaren eta Aresoren kasuan, Nafarroako Hitza—. «Bultzatu beharreko proiektuak dira. Harrera ona izaten dute, eta udalaren aldetik landu beharrekoak dira», adierazi du Leitzako alkate Oier Eizmendik.
Tokiko hedabideek herri txikietan daukaten garrantziaz aritu da Izaskun Kerexeta Elduaingo alkatea: «Inguruko herrietako gauzak agertzen dira, eta jendeari gustatu egiten zaio hori». Ez alferrik, urteak dira Tolosaldean euskarazko tokiko eguneroko bat badaukatela: Tolosaldean Egunero izan zen lehenik, eta, ondoren, Euskaldunon Egunkaria itxi ostean, Tolosaldeko Hitza argitaratzen hasi ziren. Leitzaldera zabaldu zuten ondoren, eta gaur egun bi eskualde horietan banatzen da.
Hedabide horiek eskaintzen dutenaren eta BERRIA Taldeak abiatutako kanpainaren artean egin du lotura Jesus Peñagarikanok, Ibarrako alkateak: «Egunero-egunero hartzen dugun euskarazko ziztada hori behar-beharrezko dut, eta nik bezala beste askok. Behar dut dosi hori».
Era horretako «dosiak» ematen jarraitzeko, herritarren ziztadak ezinbesteko ditu BERRIA Taldeak. Diru laguntza eman dute jada 2.200 lagun inguruk; oraindik, ordea, beste horrenbeste eta gehiago behar dira proiektua bideragarri izan dadin. Herriz herri jarraituko dute kanpainaren berri zabaltzen; Goierriko alkateek orain hilabete egin bezala, Tolosaldeko eta Leitzaldeko alkateek egin zuten bat atzo kanpainarekin, eta hurrengo asteetan gehiagok egingo dute. Haien guztien beharra izango da proiektua bideratzeko.
Tolosaldeko eta Leitzaldeko alkateen agerraldiaren bideoa hemen ikusgai:
www.berria.info
Zure ziztada behar dugu
Alkate guztien babesean
Kanpainarekin bat egin dute Tolosaldeko eta Leitzaldeko alkateek; euskarazko hedabideak nahitaezko jo dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu