Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik

Alkatea, Txinan hobe

'Azkuna oporretara' ekinaldiaren bitartez, Bilboko alkateari kritika satirikoa egin diote konpartsek

Konpartsakide batzuk, Azkuna alkatearen irudiarekin. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Egunak joan, egunak etorri, umore onari eusten diotela erakusten dute Bilboko konpartsetako partaideek. Atzo, Azkuna oporretara ekinaldi satirikoa egin zuten, Aste Nagusian alkatea hiritik kanpo bidaltzeko asmoz. 19:30 aldera, plaza Biribilean bildu ziren ehunka konpartsakide, elastiko beltz batzuk jantzita, Aste Nagusia defendatuz lelodunak.

Orduan, danborrei eraginez Nafarroa kalean behera prozesioan abiatu ziren, zenbait lagunek Iñaki Azkuna irudikatzen zuen panpina bat soinean zeramatelarik. Areatzan jarritako agertokira heltzean, alkatearen kartoizko bikia puxika erraldoi batzuetara lotzeari ekin zioten, eta, bitartean, pailazoz jantzitako bi konpartsakide oholtzara igo ziren. Ikusleen algaren artean, ekinaldiaren nondik norakoak azaldu zituzten: «Hemen gaude Iñaki Azkunak, Durangon jaiotakoak, Berorren Udal Gorentasunak, ordaindutako opor batzuk merezi dituelako».

Ondoren, bertan bildutakoei hiru leku proposatu zizkieten Bilboko alkatea oporretara bidaltzeko. Lehenengoa, Marina D'Or. «Castelloko aireportura egingo luke bidaia», azaldu zuten, barrezka, pailazoek. Bigarren aukera Londresen dagoen Ekuadorko enbaxada litzateke. «Bertan gustura egongo da, Julian Assange eta Garzonekin, eta poliziaz inguraturik». Azken proposamena zen Azkuna Txinara bidaltzea. «Horrela, miloi bat txinatar turista erakarriko ditu Bilbora». Hiru helmugen artean hautatzeko, bildutakoen arteko bozketa egin zuten, «gero ez dezan esan demokratikoak ez garenik».

Txina, gehiengo osoz

Konpartsakideek ez zuten zalantza handirik eduki, eta gehienek alkatea Txinara bidaltzearen aldeko hautua egin zuten. Arkaitz Estiballesek Bilboko alkatearentzako bertso satiriko batzuk bota ostean, puxikak askatu eta Azkuna irudikatzen zuen panpina Areatzako zeruan gora galdu zen. Orduan, bildutakoek elastiko beltzak kendu zituzten, eta konpartsetako elastikoez osatutako mosaiko koloretsua agerian utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.