Udako proposamenak

Allekupeko zuhaitz magikoak

Lizarrustiko basoaren sekretuak ezagutzeko txango gidatua antolatu dute biharko.

Lizarrusti inguruko zuhaitzak. BERRIA
Lizarrusti inguruko zuhaitzak. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lizardi txiki baten ertzetik emango diote hasiera ibilbideari. Poliki-poliki, elorri zurien babesean, bidezidor malkartsutik gora, harizti artean, baso magiko bat topatuko dute: Allekupeko basoa. Gipuzkoako Parketxeak antolatutako txango gidatuan elkartuko direnek bihar aukera izango dute kondairaz eta harkaitz biluziz betetako paraje liluragarri bat ezagutzeko. Lizarrustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoak izeneko jardueran parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharra dago —gaur da horretarako azken eguna—.

Lizarrustiko parketxetik bertatik aterako da ibilaldia, 10:00etan. Ibilbideak 3,3 kilometro baino ez ditu; erraza da, baina mendiko arropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Ordubete luzeko ibilbide zirkularra da. Aralarko natura parkeko altxorrak bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea egongo da, ipuin mitologiko batena diruditen eremuak, harriz, goroldioz eta pagoz osatutakoak. Behin muinora iritsita, parez pare, bi mendi tontorren ikuspegi ederrak: Beriain eta Puttarri. 

Gipuzkoa eta Nafarroa arteko lurretan da basoa, eta ikazkin eta kontrabandistek erabilitako bideak ere badira tartean. XIX. eta XX. mendeetan pagadi heze horietatik ibili zirenen sekretuak eta bitxikeriak ere entzuteko aukera egongo da txangoan; azken batean, naturara gerturatzeko egitasmo horrek badu alde kulturalago bat ere: ikazkintzaren nondik norakoak azalduko dira ibilbidean. Ikazkinak, artzainak, egurketariak eta estraperlistak ibili ohi ziren bide horietan aspaldi ez dela. Allekupeko basoan istorio ugari ezkutatzen dira. 

Egitarau oparoa

Gipuzkoako Parketxeen Sareak egitarau oparoa antolatu du uda honetarako. Gipuzkoa Natura webgunean aurkitu daiteke informazio guztia, baita izena emateko estekak eta telefonoak ere. Gipuzkoako bost parketxetan egingo dituzte ekitaldiak: Arditurrin, Anduetzan, Arantzazun, Lizarrustin eta Iturraranen. Ataungo (Gipuzkoa) Barandiaran museoarekin batera ere hainbat jarduera prestatu dituzte. Abuztuan, larunbatero, museoa ezagutu eta antigoaleko errota bisitatzeaz gainera, talo tailerrak egingo dira Ataunen. 

Larruntza errotaren lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira. Museoan Barandiaranen bizitza azaltzen da, ikus-entzunezko baten bidez lehenik, eta, ondoren, biografia gelan, pantaila eta bideo didaktikoen bitartez. Beheko solairuan, arkeologia eta etnografia alorrean berak egindako lanen garrantzia azpimarratzen da, errepliken, bideoen eta beste zenbait baliabideren bitartez. Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota dago, eta uraren indarrak mugitutako zerrategia ere bai, bere aldaparo eta guzti. 

Igandeetan, berriz, irteerak egingo dira natura parkeko bazterrak ezagutzeko. Aitzuloak, errekak, errotak, hegaztiak, erleak. Askotariko aukerak daude udararako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.