ATZEKOZ AURRERA

Almadiak ezin dira gelditu

Urtero bezala, almadiak Ezka ibaian behera jaitsi dituzte lanbide zahar hura gogoratzeko bestan. Juan Urzainki zendu berria izan dute gogoan, eta bi gazte lehen aldiz atera dira.

Eguraldi ona aprobetxatuta, jende anitz bildu zen almadien jaitsiera ikusteko. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Burgi
2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezin da eten. Soka luzea eta sendoa da almadiena. 1950eko hamarkadan gelditu ziren arren, gerora berreskuratu egin zituzten. Lanerako ez, baina bestarako bai. Burgin (Nafarroa) urtero gogoan izaten dituzte garai bateko lanak. Haietan nagusiena egurra Ezka ibaian garraiatzea da. Atzo izan zen Almadien Eguna, eta herria lepo bete zen.

Oso gutxi dira bizirik diren almadiazainak. Aste honetan Juan Urzainki zendu da, almadien tradizioa berreskuratzen lagundu zuten almadiazainetan azkena. Horrek, baina, ez zuen besta zapuztu. Abiatu aurretik lehenbiziko almadian lotutako loreek bizirik mantendu zuten haren oroitza. Are, atzokoa ospatzeko eguna izan zen, tradizioa bizirik dagoela berresteko eguna.

Batzuk joaten badira ere beste batzuk lekukoa hartzeko prest baitira. Bi nerabe igo ziren lehenbizikoz almadia gidatzera. Haien artean gazteena Aitor Zilbeti, 14 urteko mutikoa. «Atzo etorri ginen aita eta biok, zer egin irakats ziezadan. Azkar ikasten da», azaldu zuen igo aurretik. Gogotsu zegoen; urduri, baina kontent. «Berezia da, beti ikusten nuen nola jaisten ziren; aitak etxean erakusten zidan, eta beti jaitsi nahi izan dut. Oso polita da». Bost urte daramatza Burgin bizitzen, eta aita duela hiru estreinatu zen almadiazain gisa.

Haiekin batera zen Juan Antonio Rekari. Elkartea sortu zenetik bertako kidea da, eta beti parte hartu du Almadien Egunean. Haren aitatxi almadiazaina zen. Azaldu duenez, herritar gehienen arbasoek lotura izan zuten lanbide harekin: «Tradizio hau oso barneraturik dago ia etxe guzietan, eta barnean geratzen zaizu; oso garrantzitsua da».

Almadiazainarena lanbide gogorra zela gogoratu du: jende asko hil egin zen bidaia haietan. «Gehienek ez zekiten igerian. Gainera, eroriz gero askotan almadia gainetik pasatzen zitzaizun». Atzo pena handiz gogoratu zuen Urzainki. «Haiek dira benetako almadiazainak; guk soilik errepresentazioa egiten dugu», zioen.

Artzain apurrekin, xingarrarekin eta ardoarekin tripa bete ondoren atera ziren bi almadiak. Txalo artean, gazteenek animo oihuak eskaini zizkioten Zilbetiri, haiek ere almadiaren arrauna aurki hartuko dutelako esperantzarekin. Ordu luze baten buruan ailegatu ziren presara. Lehenbizikoa ongi jaitsi bazen ere, behean apurtu egin zen. Dena den, azkar konpondu eta berriz ere bideratu egin zuten, ikusleen txalo artean. Bigarrenak ez zuen inolako arazorik izan presa jaisteko.

Urrezko omenaldia

Almadiaz gainera, urtero bi protagonista izaten dira Burgiko bestan: urrezko almadia jasotzen dutenak. Aurten, Adano minbizia duten haurren Nafarroako elkarteari eta Milagroko Oños ostatuari egin diete omenaldia. Bigarren horrek almadiazainak hartzen zituen. «Ez ziren edozein ostalari; maitasun handiz hartzen zituzten», azaldu zuen Rekarik. Adanoko kideekin batera Laura Pulido jaitsi zen almadian, joan den asteko krosean parte hartzeagatik zozketa irabazi zuelako. Gogotsu zegoen igo aurretik: «Ez naiz hemengoa, baina hala banintz bezala biziko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.