Alpeak alderik alde, oinez eta hegan

Mattin Iñiguez parapentelariak Red Bull X-Alps proban parte hartuko du ekainaren 15etik 27ra. Modalitateko probarik gogorrena da, «abentura eta erronka ikaragarria». Lantalde sendo baten laguntza izango du, eta Euskal Selekzioaren eta BERRIAren babesa.

Mattin Iñiguez parapentelariaren Red Bull X-Alps probaren aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
ramon olasagasti
Orozko
2025eko maiatzaren 21a
20:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Txori jaio nintzen, eta inbidiaz begiratzen diet lurrean zoriontsu direnei, sarrioak arranoaren hegaldiari nola». Miriam Garcia Pascual mendizaleak Bájame una estrella liburuan idatzitako hitzak dira, bizitza filosofia baten hegal modukoak. Izan litezke mendiko parapente hegalarien jardunaren funtsa ere. Mattin Iñiguez parapentelariak (Zegama, Gipuzkoa, 1985) arrano eta sarrio izan beharko du aldi berean, ekainaren 15etik 27ra Alpeak oinez eta hegan zeharkatzeko abentura ikaragarrian. Horixe da Red Bull X-Alps probaren funtsa: oinez eta hegan Alpeak zeharkatzea, 1.283 km guztira, Austriako Kitzbühel herritik abiatu eta Zell am See herrian bukatu, tartean aireko hamasei baliza edo koordenatutatik igarota. Eguraldiak eta haizeak modua ematen duten heinean, arrano izango da, hegan joango da parapentean, eta, hegan egin ezin denean, sarrio izango da ezinbestean, Alpeetako haran eta malkarretan korrika.

Gaur egin dute erronkaren aurkezpena, Orozkoko (Bizkaia) Santa Marina ermitan. Parapentelarien ohiko abiapuntua da kaxko dotore hori, eta agerraldiaren amaieran handik aireratu da Iñiguez, lainoen artean hegal berri-berria jasota. «Hor doa Zegamako kondorra», bota du Bittor Barquero taldekideak. Aurkezpenean izan dira Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Kiroletako zuzendaria eta Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) presidentea, erronkaren protagonistari eta lantalde osoari babesa emateko; izan ere, «bi erakunde horien eta Zegamako Udalaren babesa ezinbestekoa izan da proiektu hau aurrera eramateko», jakinarazi du Iñiguezek. Hala, Euskal Selekzioaren izenean ariko da parapentelaria Alpeetan.

Mattin Iñiguez parapentelariaren Red Bull X-Alps probaren aurkezpena
Mattin Iñiguez probaren aurkezpen ekitaldian, aireratzear. RAUL BOGAJO / FOKU

BERRIA ere hedabide babesle izango da egitasmoan, EITBrekin batera. Ekaineko bi aste horietan, BERRIAk hurbiletik emango du Iñiguezen parte hartzearen berri, eta eduki bereziak eta esklusiboak argitara eman, Iñiguezekin berarekin eta lantaldeko kideekin hartu-eman estuan.

Guztira 35 parapentelari ariko dira Red Bull X-Alps proban, munduko onenak. Ibilbide bat, hegaldien CV nabarmen bat behar da Red Bull X-Alpsen parte hartzeko, eta mendian eskarmentu handia. Iñiguezek badu. Iaz, esaterako, Pirinioetan inoiz egin den hegaldirik luzeena egin zuen: Nafarroako Larraitza mendian aireratu eta Kataluniako Organya herrian lurreratu, 300 kilometro guztira. Halakoei esker heldu zitzaion Alpeetarako proposamena. «Errespetua eman zidan, ez pentsa: munduko erronkarik handiena da modalitate honetan. Horregatik, aurretik parte hartutako jendeari hots egin nion, ea zer mailatako erronka zen. Aurrez Red Bull X-Alps proban parte hartutakoa zen Jordi Villalta lagun katalanarekin hitz egin nuen, eta esan zidan bizitzako aukera zela eta baietz esateko, zalantzarik egin gabe», gogoratu du Iñiguezek hasierako zalantza eta zirraren une hura.

«Hegan ez ezik mendian ere ordu asko eman ditut, 10-12 kiloko motxila bizkarrean hartuta. Uste dut Aizkorri-Aratz mendialde hori bi zentimetro higatu dudala hainbeste joan-etorri eginda»

MATTIN IÑIGUEZParapentelaria

Ia bi astean, beraz, Alpeak zeharkatu beharko dituzte oinez eta hegan. Joan-etorri moduko bat izango da: Austrian abiatu, Suitzatik barna Frantziara iritsi, eta ekialderanzko jira hartuta, Suitzatik eta Alemaniatik barna, berriro Austriara. Erresistentzia, talde lana, estrategia, hegan egiteko abilezia, haizea aztertzen jakitea, aireratzeko puntuetarako biderik egokiena zein den asmatzea... ertz asko ditu abenturak. Hegan egiteko baldintza egokirik ez bada, hainbat egunetan ultratrail distantziatik gorako ibiliak egin beharko dituzte partaideek. Eta haizea lagun badute, egunean 150 kilometrotik gorako hegaldiak egin ahal izango dituzte. Aldea itzela izan daiteke.

Mattin Iñiguez parapentelaria Alpeetan hegan
Mattin Iñiguez Alpeetan hegan, Aste Santuan han egin zuten egonaldian. MATTIN IÑIGUEZEN BILDUMA

Zenbat eta arranoago izan, zenbat eta gehiago egin hegan, orduan eta kilometro gehiago aurreratuko dituzte, eta neke gutxiago pilatu. Baina olerkariak esan zuen moduan, haize boladetan datza txorien halabeharra. «Zenbat hegan eta zenbat oinez, ikaragarrizko aldea dago aurrenekoen eta azkenekoen artean. Batzuek oso gutxi egiten dute korrika, eta hegan, ikaragarri, eta beste batzuek alderantziz. Aurreko ekitaldian Jordi Villalta kataluniarrak egindakoa erreferentziatzat hartuta, hark egunero, batez beste, 60 kilometro egin zituen oinez eta korrika. Hori bi astean. Azkenean, ia 700 kilometro egin zituen oinez edo korrika. Paliza ikaragarria. Ultratrail bat baino gehiago egunero. Eta hori aurreko ekitaldian hegan egiteko oso baldintza onak eduki zituztenik, inoizko onenak», azaldu du Iñiguezek.

Iaz, X-Pyr proban parte hartzekoa zen Mattin Iñiguez, baina, hilabeteren faltan, istripu bat izan zuen lurreratze batean, eta orno bat apurtu zuen. Osatzen ari zela jaso zuen Alpeetarako gonbidapena, eta berehala ekin zion prestakuntza fisikoari, Etor Mendiaren aginduetara. «Bi astean mendian ordu pilo bat irauteko prestatu behar duzu gorputza. Hortaz, hegan ez ezik mendian ere ordu asko eman ditut, hasieran pisurik gabe, lesioagatik, baina azken aldera 10-12 kiloko motxila bizkarrean hartuta. Uste dut Aizkorri-Aratz mendialde hori bi zentimetro higatu dudala hainbeste joan-etorri eginda. Astean ehun bat kilometro ibili naiz korrika, motxila soinean».

Lantalde sendoaren babesa

Hegan Mattin Iñiguezek egin beharko du, baina parapentea hegaldatu aurretik eta ondoren, lan asko egin behar da, eta parapentelari zegamarrak talde sendo baten babesa izango du. Felipe Tudela lagun mina izango du bidelagun hurbilekoena. «Zaragozako [Espainia] herri txiki batekoa da, Cabañasekoa, eta, parapentelari oso ona izateaz gain, eskarmentu handia dauka asistentzia lanetan. Oso ondo daki hegaldatzeetan non eta nola lagundu, non itxaron, janaria nola banatu...». Azkoitiko (Gipuzkoa) Aner Bueno eta Durangoko (Bizkaia) Bittor Barquero ere mendian une oro laguntzen izango dira, eta arlo teknologikoaren ardura Jon Arrutirena izango da: track-ak, komunikazioa, eguraldi iragarpenak... Azkenik, etxetik, Iñigo Redin ariko zaie laguntzen. X-Pyr probaren zuzendaria da Redin, eskarmentu handiko hegalaria hura ere. «Guk han lasterketaren zurrunbiloan ikusten ez ditugun gauzak ulertzen eta erakusten lagunduko digu Redinek. Etxetik laguntzen ariko dira Nerea Beltran de Heredia eta Josu Juaristi ere. Kristoren ekipoa gara», nabarmendu du Iñiguezek.

Mattin Iñiguez parapentelariaren Red Bull X-Alps probaren aurkezpena
Orozkoko Santa Marina ermitaren inguruko kaxkoan, hegoa jasota. RAUL BOGAJO / FOKU

Aste Santuaren bueltan, taldekideetako hiruk, Iñiguezek, Tudelak eta Buenok, hogei egun egin zituzten Alpeetan entrenatzen eta ibilbidea aztertzen, eta «inoizko egunik eta baldintzarik onenak» izan zituzten hegan egiteko. «Haize gutxi, sabai altuak... Ia lasterketaren erdia hegan egiteko zortea izan genuen, Saint Moritz eta Deux Alps arteko zati hori dena. Egunetako batean ia Innsbruckeraino ere iritsi ginen, eta aurretik ezagutzen ez genituen bailara asko ezagutu ahal izan ditugu hegan. Oso lagungarri izango zaigu mapa mental hori, Alpeetako bailaren eskema hori buruan edukitzea, bata bestearen atzetik zer ordenatan dauden jakitea».

«3.000 metrotik gorako hainbat igarobidetatik pasatu beharko dugu, eta haietan elurra izango dugu. Hegan pasatzeko aukera izanez gero, ederki; bestela, esfortzu ikaragarria izango da»

MATTIN IÑIGUEZParapentelaria

Aurten, «ibilbide oso anbiziotsua» diseinatu dutela jakinarazi du Iñiguezek, oso mendikoa eta gogorra. «3.000 metrotik gorako hainbat igarobidetatik pasatu beharko dugu, eta haietan elurra izango dugu seguru. Hegan pasatzeko aukera izanez gero, ederki, baina euria edo elurra egingo balu, edo hegan egiteko baldintzarik ez badago, esfortzu ikaragarria izango da». Bata bestetik gertuen dauden balizen artean 80 bat kilometro daude, eta parapentelari bakoitzak diseinatu behar du haietara iristeko bidea eta estrategia. «Pirinioen aldean, Alpeetako dimentsioak ikaragarriak dira, eta bide eta aukera asko egon daitezke batetik bestera joateko. Hainbat egunetan, aireratzeko punturaino 2.000 metroko desnibela gainditu beharko dugu. Airean, berriz, 4.000 metroko mendien gainetik ere igaro beharko dugu, eta halako mendi altuen artean, bailarako haizeak oso desberdinak dira. Ondorioz, haizebean egin behar da hegan sarri».

Mattin Iñiguez parapentelariak X-Alps probaren aurkezpena egin du
Babesleak eta taldekideetako batzuk, aurkezpen ekitaldian. RAUL BOGAJO / FOKU

Hegan ondo egin ez ezik, mendian ibiltzen zailduta egon beharra dago erronka horretan. «Parte hartzeko baldintzetako bat hori da, eskarmentua izatea mendian. Izan ere, igarobide batzuetan, agian, eskalatu egin beharko dugu, izotzean pausoren bat gainditu... Ekipamenduan, nahitaez eraman behar ditugu kranpoiak, pioleta, ARVA, pala eta zunda; ferrata bideetako materiala ere bai, horrelako bi bide gainditu beharko ditugu eta».

Iñiguezek nabarmendu du «egundoko saria» dela munduko parapente hegalari onenen artean Red Bull X-Alps proban parte hartze hutsa. Hortaz, «abenturaz gozatzea» beste helbururik ez dio jarri bere buruari. «Oso pilotu gutxik daukate aukera horrelako esperientzia bat bizitzeko, eta zorte hori eduki dugu. Alpeetan, baldintzek esango dute zer-nolako anbizioz joan gaitezkeen. Eguraldiak lagunduz gero, niretzat amets bat izango litzateke ibilbidea bera bukatzea; balentria izango litzateke. Hori litzateke helburu gorena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.