Darwinen hautespen naturalaren teoriari buruzko irakurketa sinplistaren arabera, ugaltzeko gaitasun handiena duen indibiduoari dagokio eboluzioan aurrera egitea. Hortaz, hautespenaren motore ugalketarako gaitasuna handitzea dakarten ezaugarrien pilaketa izango litzateke, besteekiko jarrera berekoiak barne. Genetikaren esparrura etorrita, eta norberaren geneen hedapena biziaren helburu nagusitzat hartuta, lehiakortasuna areagotzen duten aldaera genetikoen alde jokatuko luke hautespenak: hagin zorrotzak, abiadura handia, ikusmen zehatza etab. lehenetsiz eta ahulezia ezabatuz. Altruismoak ez bide luke tokirik eboluzioan, ekintza altruistek bestearen onura (ugaltzeko gaitasuna handitzea) dakartelako, norberaren lepotik
Hala ere, Darwinek berak aipatzen zuenez, bada animalien artean jokaera altruistatzat har daitekeen hainbat portaera, norbanakoaren ugalketarako gaitasuna murriztu arren, taldearena handitzen dutenak. Adibidez, saguzar banpiroek irentsitako odola berrahoratu eta partitu egiten dute harrapakinik lortu ez duten kideen artean. Zenbait txori espezietan, kumeak hazten ari den bikoteak beste kideengandik babesa eta elikagaiak jasotzen ditu. Intsektu sozialen artean (erleak eta inurriak, kasu) langile antzuek bizitza osoa ematen dute erreginaren zaintzan, habia eraikitzen eta babesten, elikagaiak biltzen eta harrak artatzen. Azken hori erabateko altruismoa da, norberaren ugalketarako gaitasuna zero izan eta erreginaren ugalketan laguntzea ekartzen baitu. Animalien altruismoa ez da borondatezkoa, besteari on egiteko asmorik ez dagoelako eta kontzientziarik ez dutelako. Hortaz, altruismoak genoman idatzita behar du egon eta ondorioz, hautespen naturalaren menpean. Printzipioz, altruistari ugaltzeko aukera murrizten zaionez, hartaz profitatu eta modu berekoian jokatzen duen taldekidea abantailan egongo da. Harraparia ikustean taldekideak ohartarazteko oihuka hasten den tximuak besteen bizia salbatzen laguntzen du, berea arriskuan jarriz. Oihu egiten ez duenak ordea, harrapatuta izateko aukera gutxiago ditu eta gainera, oihulariaz aprobetxa daiteke, modu berekoian. Taldeari onura ekarri arren, desagertzeko zorian leudeke horrelako portaerak baldintzatzen dituzten aldaera genetikoak, nahikoa baita taldean berekoia den indibiduo bakarra egotea hautespenaren lehian irabazteko.
Alta, orotariko portaera izan beharrean, altruismoa selektiboa balitz, oreka zeharo aldatuko litzateke. Laguntzeko joera soilik gertuko ahaideei zuzentzen bazaie, laguntasunaren hartzailea altruistaren antzekoa izango da, probabilitate handiarekin. Hots, altruistek, batez ere, beste altruistak laguntzen dituzte, hautespena altruismoa bultzatzen duten geneen alde jokaturik. Horrela bateratu zituen altruismoa eta hautespen ebolutiboa William Hamilton britainiarrak 1964an aurkeztutako gaitasun inklusiboaren teorian. Finean, genea da hautespenaren objektua eta ez indibiduoa. Bakoitzaren ugalketarako ahalmena murriztu arren (zeroraino, bizia galduz gero) antzekotasun genetikoa duena lagunduta norberaren geneen iraupena ziurtatzen da.Ahaidea zein den zehazki jakin gabe ere, gertukoei, antzekotasun fisiko edo ohitura bertsuak dutenei laguntza emanez asmatzeko probabilitatea altua da. Selektibotasun hori animalietan ez ezik gizakian ere ikusi da, eta anai-arreba zein seme-alabei (gurekin genomaren erdia partekatzen dutenak) laguntzeko prestutasun handiagoa azaltzen dugu, bikotekide edo adiskideekin konparatuta. Bikiekin egindako ikerketetan, joera altruisten heredagarritasuna %50 ingurukoa dela ikusi da. Azken urteotan, altruismoarekin zerikusia duten geneak identifikatzen hasi dira eta arestiko esperimentu batean, COMT genearen aktibitate handiko aldaera (Val158) zuten pertsonek zozketa batean irabazitako dirua karitatera emateko joera handiagoa erakutsi zuten, Met158 aldaera zutenekin alderatuta. Kultura eta hezkuntzaren ekarpena baztertu gabe, zenbait “altruista oihulariren– genetika ezagutzea ez legoke gaizki.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Altruismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu