Jendea paseatzen dabil goiz-goizetik; eguzki izpiak ikusi bezain laster ohetik salto egin dutela dirudi. Garagartza inguruan (Arrasate, Gipuzkoa) kirolari goiztiarren joan-etorriak ez du etenik. Auzoko plazan hamabost bat pertsona daude, talde txikietan hitz egiten, norbaiten edo zerbaiten zain. Inguratzenden pertsona bakoitzak gauza bera esaten du: «Kobazuloko bisitara zoazte?». Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, eta Aranzadirekin elkarlanean, Lezetxikiko aztarnategira bisita gidatua antolatu du.
Azkenean, 30 bat pertsonako taldea bildu da plazan, eta 11:00ak jo bezain laster, gidarietako batek hartu du hitza: «Autoetan egingo dugu bidearen zatirik handiena», esan du. Harrobietako hautsez betetako bidetik gora joan dira jendez betetako autoak, helmugara iritsi arte. «Hemendik aurrera oinez joango gara», aipatu du Alvaro Arrizabalagak, EHUko irakasle eta ikerlariak. Arrizabalagak, Mari Jose Iriarterekin batera, urteak daramatza Lezetxikiko aztarnategian lanean.
Autoetan zetorren taldea elkartuta, segituan eraman dituzte bisitariak aztarnategira bi ikerlariek. Bat-batean kartel bat ageri da zuhaitzen artean: «Lezetxiki aztarnategia» dioena. Aztarnategira sartzeko dagoen burdinazko hesiaren aurrean gelditu da Arrizabalaga: «Bi taldetan banatuko gara, ez baitago leku askorik», aipatu du.
Primateen zantzuak
1927. urtean topatu zuten Lezetxiki, eta Jose Migel Barandiaranek hainbat aurkikuntza egin zituen han; hamahiru ekinaldi egin zituen guztira. Barandiaranen aurkikuntzak «oso lagungarriak» izan ziren Aranzadiko ikertzaileentzat. Besteak beste, lau primate espezien zantzuak aurkitu ahal izan dituzte; horietako bat, Iberiar penintsulako azken makakoarenak. Arrizabalagaren esanetan, «ustez emakumezkoa» zen gizaki baten humeroa ere topatu zuten. «Lezetxikiri esker, Paleolitoko hainbat gertaera orain dela 20 urte baina errazago ulertu ahal izan ditugu», aipatu du.
Iriartek Paleolitoko gizakien bizimoduari buruz hitz egin du: «Garai hartan hartzak, lehoiak, panterak... oso ohikoak ziren. Gizakia etxetik irten orduko oso adi ibiltzen zen. Txikitatik ikasten zuten alarmak piztuta edukitzen», gehitu du.
Informazioa lortzeko prozedurak ikusten dira aztarnategiko paretetan: arrasto horizontalak polen fosildua lortzeko erabiltzen dira, eta zuloak hodi batzuk sartzeko erabiltzen dira. Hodi horiek kuartzoa eta feldespatoa lortzeko erabiltzen dira; horri esker, bi mineral horiek sedimentuetan zenbat denbora daramaten jakiten dute.
Bisitariak harrituta daude aztarnategiarekin, eta horietako batzuek aitortu dute Lezetxiki ezagutzen zutela: «Gu txikitan kobazuloan sartzen ginen linternekin», esan du batek. Galderak etengabe atera dira; jakin-minez beteta daude guztiak. Bisitarietako batek abiadura handiko trenaren lanek duela hilabete inguru aztarnategian izandako eraginaz galdetuta, Arrizabalagak aipatu du erakusten ari diren gunean «ez zuela» eraginik izan, eta mapa bat erakutsi du. Trenaren lanen gunea mutur batean dago, eta indusketena, berriz, kontrako noranzkoan.
ATZEKOZ AURRERA
Altxor arkeologikoa
Paleolitoko indusketetarako bereziki «garrantzitsua» da Lezetxiki. Bertara egin duten bisita gidatuari esker, bisitariek aztarnategiaren egoera ikusi ahal izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu