Orain dela mende erdi erabiltzen ziren auto txikiak parez pare ikusten dituenari irribarrea ateratzen zaio. Bada, altxor koskor horien historia luzeak badauka bere tokia Euskal Herrian. Izan ere, Mungiako (Bizkaia) enpresa batek atzo 50 urte kaleratu zuen herrian bertan egindako lehen goggomobila; 1962ko urtarrilaren 5ean, hain zuzen ere.
Agustin Barbara Mungiako Goggomobil Elkarteko kideak dioenez, auto horiek egiteko abiapuntua zein den jakiteko, Alemaniara jo behar da ezinbestean. Europako herrialde hura automobilgintzan beti izan da erreferente, eta ispilu hori baliatu dute toki askotako enpresa ugarik. «Goggomobilak eta oro har autoak Alemanian egiten zituzten. Hori dela eta, hangoak oinarri hartuta bururatu zitzaien Mungian autoak egiteko ideia. Herrian ibilgailuak egiteko baimena lortzeko orduan Glas konpainiak asko lagundu zuen», esan du Barbarak. Lantegi horrek Mungia Industrial SA (Munisa) zuen izena, eta zazpi bat mila auto egin zituen 60ko hamarkadan. Munisa enpresa eta goggomobilak ez dira ezagunak haur eta gazte askorentzat. Hala ere, inguruko jende askori eman zion lana garai hartan. Horregatik, herritarrek 60ko hamarkada harrotasunez aipatzen dutela dio Barbarak. «Bertakoek eta ingurukoek oso pozik hartu zuten Munisak urteetan egin zuen lana; batez ere, sortu zituen lanpostu ugariengatik».
Gainbeheraren garaia
Mungiako lantegiak 1968. urtean kaleratu zuen azken goggomobila. Ordu arte hainbat koloretako autoak egin zituzten. «Jendeak gehien ikusi dituen autoak gorriak dira. Baina dozena erdi bat koloretakoak egin zituzten: beixak, berde eta urdin metalizatuak eta berde argiak, besteak beste», azaldu du elkarteko ordezkariak. Lehen urteetan ibilgailuek merkatuan zuten salneurria 30.000 pezeta (180 euro) ingurukoa zela argitu du Barbarak. Eta enpresak salmenta kopuruari begira egindako publizitate kanpaina indartsuen bidez, zazpi bat mila auto merkaturatzea lortu zuen Munisak.
Munisaren loria garaiak gutxi iraun zuen, hamarraldiaren bukaeran gainbehera bete-betean sartu eta itxi egin beharra izan baitzuten. Porrot egiteko hainbat arrazoi egon ziren. Batetik, Munisak ibilgailu txikiak egiteko baimena zuen. Baina hamarraldi bukaerarekin batera goi eskalako autoak jarri ziren modan. Ondorioz, goggomobilen eta halako koskorren salmenta kopuruak nabarmen egin zuen behera. Bestetik, Mungiako enpresaren laguntzailea zen konpainia, Glas, BMWk xurgatu zuen, 1964. urtean, eta kanpoko laguntzarik gabe gelditu zen Munisa.
Mungiako ibilgailu txikiek atzo urtemuga biribila bete zutela aitzakiatzat hartuta, ospakizun berezia antolatu dute maiatzerako. Herriko Goggomobil Elkarteak eta bertako udalak autoen bilera bat eratu dute hil horren 18rako eta 19rako. «Zenbait txokotako ibilgailu txikiak bilduko dira», nabarmendu du Barbarak.
Horrez gain, bertaratutakoek lagunarte ederrean bazkaltzeko aukera edukiko dute. Eta, nola ez, jatorduko hizpide nagusia autoak izango dira, Mungiako altxor txiki horiek historia ugari baitute barrenean.
Altxor txiki historikoak
Mungia Industrial SA enpresak egindako aurreneko goggomobilak mende erdia bete du. Urteurren berezia ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu