Altzairuzko oihala terminoak II. Mundu Gerra ostean Europa, eta bide batez mundua, bitan banatzen zuen mugari egiten dio erreferentzia. Muga fisikoa ez ezik, ideologikoa ere bazen, komunismoaren eta kapitalismoaren eremuak zehazten baitzituen. Argazkilaritza izan zen bi mundu horien arteko alegoriazko marra zeharkatu zuen arte bakarrenetarikoa. Garai horretan, Europako hainbat erakusketatan erakutsi ziren Sobietar Batasun ohiko argazkilarien lanak. Zarauzko Photomuseumen (Gipuzkoa), Altzairuzko oihala izenburupeko erakusketan, argazki horietako bilduma bat ikus daiteke. Otsailaren 27ra arte egongo da zabalik erakusketa.
Sobietar Batasun ohian argazkilaritzari ez zitzaion arte estatusa aitortzen. Erregimenak propaganda tresna gisa erabiltzen zuen, eta, horregatik, artearen beste adar asko ez bezala, ez zegoen horren estuki kontrolatua. Nazioarteko erakusketetan parte hartzeko baimena jasotzen zuten sobietar argazkilariek. Iruñeko San Fermin erakusketan urte askotan ikusgai egon ziren argazkiak dira Photomuseumeko hormetan zintzilik daudenak.
Ramon Serras Photomuseum-eko erakusketaren arduradunak azaldu duenez, Sobietar Batasunetik at argazkilaritzan zer teknika erabiltzen ziren jakiteko ematen zieten nazioarteko aretoetan parte hartzeko baimena.
Unescoren babespean antolatzen ziren nazioarteko erakusketa haiek. Sobietar Batasun ohian, tokian tokiko argazkilariak elkarteetan bildu ohi ziren euren lanak bidaltzeko, eta trukean, erakusketako katalogoa jasotzen zuten. Gainontzeko herrialdeetan argazkilaritza nola ulertzen zutenaren erakusleihoa izaten zuten katalogo hori.
«Argazki nahiko bereziak dira. Oso ezberdinak dira euren artean. Fotomuntatzeak eta biluziak ageri dira. Baina gehienek Sobietar Batasuneko jendearen bizimodua erakusten dute. Erretratu ugari ikus daitezke», azaldu du Serrasek.
1979 eta 1985 bitartean ateratako argazkiak dira. Garai haietan Sobietar Batasunean egiten zen argazkilaritzaren ezaugarriak erakusten ditu argazki bildumak. «Alexander Rodtxenkok eta beste argazkilari batzuek argazkilaritzaren mundua irauli zuten Bigarren Mundu Gerra baino lehen. Ondoren, joera hori isiltzen joan zen, eta argazkilariak beste erreferentzia bat hartzen hasi ziren», jakinarazi du Serrasek.
Argia, pertsonak, natura eta eguneroko bizimodua islatzen dute argazkiek. «Indar handia dute, eta sari asko irabazi zuten garai haietan».
Baliabide urriak
Argazki gehienak zuri-beltzean badaude ere, gutxi batzuk koloreztatuak daude. Sobietar Batasun ohiko argazkilariek eskura zituzten baliabideak erabiltzen zituzten. «Erabiltzen zuten papera ez zen mendebaldarrek erabiltzen zutena bezalakoa, ez zen argazki papera, eta pikor handiak dituzte argazkiek. Koloreztatzea eskuz egiten zuten; argitzeko argazkilaritza teknika deitzen zaio horri».
Garai ilunak ziren horiek argazkilarientzat. Ez ziren argazkilari profesionalak, zaletasunak mugiarazten zituen. Nazioarteko erakusketetan dirua ordaindu behar izaten zen lanak aurkezteko. Sobietar Batasuneko argazkilariek ez zuten dirutan ordaintzen. Zigiluak bidaltzen zituzten ordainean. «Sobietarrek ez zuten ordaintzen, baina euren argazkiak erakutsi nahi zituzten ondoren erakusketaren katalogoa eskuratzeko».
Nahiz eta argazkilariek euren lanak nazioarteko erakusketetara eramateko askatasuna izan, Sobietar Batasuneko agintarien zentsura nabari daiteke. «Ez dute miseriarik erakusten. Ez da eskalerik agertzen, ondo jantzitako pertsonak agertzen dira beti», aitortu du Serrasek.
Altzairuzko oihalaren gainetik
Nazioarteko argazkilaritza erakusketek gerra hotzak banandutako lurraldeen arteko zubi lana egiten zuten. Erakusketa horietan sobietarrek aurkeztu zituzten lanak bildu dituzte Zarautzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu