ATZEKOZ AURRERA. Satish Kumar. Bakearen aldeko aktibista

«Amaren gisa hartu behar dugu Lurra»

Lur, arima eta gizarteak osatzen dute giza itxaropenaren oinarria Kumarrentzat, eta hala bildu zuen 'Soul, Soil, Society: A New Trinity for Our Time' liburuan. Bioterran aritu da horretaz, asteburuan.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Irun
2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Begietan distira duela, pasioz hitz egiten du; irribarrea marrazten zaio, berriz, isilik dagoenean. Bortxa ezaren, bakearen eta ingurumenaren aldeko aktibista da Satish Kumar (Dungargarh, India, 1936). Mundua aldatzea posible dela dio; hitz jario irmoz, parean duen orori sinetsarazten dio utopiak ez direla, beharbada, hain utopiko.

Zergatik oinarritu giza itxaropena lur, arima eta gizartean?

Euskal Herriaren, Europaren eta munduaren etorkizuna naturaren zaintzarekin lotuta dago. Ekonomia ez da dirua soilik: naturako baliabideekin du zerikusia. Natura zaintzen dugun moduak baldintzatuko du ekonomia. Lurra da bizitzaren iturria: gure janaria, jantziak, etxeak... Guzti-guztia dator bertatik.

Nola tratatzen dugu Lurra gizakiok, zure ustez?

Amaren gisa hartu behar dugu Lurra, hala delako. Sistema garaikide industrialak bizirik ez balego legez tratatzen du. Substantzia kimikoak erabiltzen ditugu emankorra izan dadin. Lurra gure kanpo errealitatea da; arima, berriz, barne errealitatea. Barnekoa ez badago ondo, kanpokoa ere ez da ondo egongo. Bhutanen, esaterako, esaten dute eurei ez zaiela BPGa interesatzen [barne produktu gordina], zoriontasunaren barne produktua baizik. Zein ekarpen egingo dio jendeak gizarteari, ez bada zoriontsu?

Zer ekarpen egin dezake gizarteak?

Gizartea da, hain zuzen, naturaren eta arimaren arteko zubia. Jendartea osatzen duen oro zaindu behar da, justizia soziala oso garrantzitsua baita bai ingurumenarekin lotutako mugimenduentzat bai giza harremanentzat. Bioterra eta halako mugimenduak oso garrantzitsuak dira, eta hazten ari dira.

Ekonomiak ekologiaren menpeko behar lukeela diozu, baina ezin ukatuzkoa da alderantziz gertatzen dela. Nola iraul daiteke hori?

Horregatik gaude krisian gaur egun. Ekologia ekonomiaren menpeko da, baina ekonomia ez da ekologiaren menpeko: krisi ekonomikoa gainditu nahi badugu, eskutik emanda joan behar dute.

Zer iruditzen zaizkizu ekonomia berdea-ren gisako kontzeptuak?

Sistema kapitalista abila da kontzeptuak erabiltzen, bere egiten; bere onerako, noski. Hori da egin dutena, hain justu, iraunkortasuna kontzeptuarekin: «Industria iraunkorra egingo dugu», diote. Baina hori ez da iraunkortasuna. Gauza bera gertatu da berde kontzeptuarekin. Baina ez da egia, ez daukate benetako konpromisorik; usteldu egin da kontzeptuaren esanahia. Zentzu hertsian erabiliko dute zaborrik ekoizten ez dutenean, kutsatzeari uzten diotenean.

Gobernuek ere izango dute zeresana. Nabari diezu borondaterik?

Zoritxarrez, ez. Baina euren politikak aldatzera behartuak izan daitezke: horregatik dira hain garrantzitsuak gizarte mugimenduak.

Zenbait gobernuk baino botere handiagoa dute zenbait multinazionalek, ordea.

Hala da. Baina hori horrela da kontsumitzaileok haien produktuak kontsumitzen ditugulako. McDonaldsen jaten dugu, Coca Cola erosten dugu... Gure babesa kendu eta produktu organikoak eta tokiko produktuak erosiko bagenitu, duten boterea galduko lukete. Banakook boterea dugu hori aldatzeko.

Nola aldatuko zenuke hezkuntza?

Ikasleei esaten zaie lan on bat bilatu behar dutela, diru asko irabazteko. Ez zaie ezer esaten natura, baratzeak eta animaliak zaintzeaz: badirudi horretan aritzen direnak ikasketarik gabekoak direla. Demagun bankariak 1.000 euro irabazten dituela egunean, eta nekazariak, 100. Garrantzitsuagoa da ordenagailuan lan egitea benetako janaria ekoiztea baino? Alderantziz behar luke izan.

Aldaketa behetik gauzatuko dela diozu. Nola eutsi fede horri mundu globalizatuan?

Gure mugimendua tokikoa eta globala da, aldi berean. Behetik eraikitzen ari gara: oinarriak ez badira behar beste sendoak, mugimendua ez da mantenduko globalki. Erakunde askoren babesa daukagu: Greenpeace, WWF... Gure egiten dugu Think global, act local leloa [pentsatu globalki, ekin lokalki].

Nola gogoratzen duzu bakearen aldeko martxa?

Vandana Shiva eta biok egin genuen, bakearen eta desarmatze nuklearraren alde. Gerra Hotza bete-betean zen. 13.000 kilometro egin genituen oinez, zentimorik gabe, jendearen borondateari esker. Batzuetan, gose ginen; besteetan, ez genuen oherik eta kalean egiten genuen lo: bostekoak ez, milioi bat izarreko hotelak ziren haiek.

Zer hartuko zenuke zure jaioterritik eta zer Mendebaldetik?

Ekialdetik zoriontasuna hartuko nuke. Han beti diote: «Pozik gaude, beraz, ondo gaude». Baina hori ez da nahikoa zoriontasun osoa lortzeko. Berrikuntza ere beharrezkoa da; hori ikasi dut Mendebaldean. Biak lotzea lortzen badugu, zoriontasuna lortuko dugu [barreak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.