Bilboko Aste Nagusia 

Ametsen aireratzea

Jaien diseinuan «aktiboki parte hartzeko», umeen batzarra egin dute lehen aldiz. «Oso ondo» joan da probako saioa, eta, bildutako ideiak aurrera eramateko, jarraitu eta zabaldu nahi dute

Ametsen aireratzea.
Bilbo
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Umeentzako inoiz baino ekintza gehiago prestatu dituzte aurten Bilboko Konpartsek, baina antolakuntza eta aukeraketan nolako garrantzia izan dute haurrek? «Ona da txikitatik erabakitzeko eta egiteko gai direla ikastea, jaietan aktiboki parte hartzea». Hori uste dute Itziar Villafrañez eta Iñigo Recio Hau Pittu Hau konpartsako kideek. Haiek ibili ziren arduradun, atzo, Euskalgunean lehen aldiz egin zuten Haurren asanblada: Aste Nagusia Amesten egitasmoan.

Adin guztietako hogei ume inguru elkartu ziren batzarrera, eta Urtxintxa eskolako hiru kidek dinamizatu zuten. Diotenez, haurrek sormen gaitasuna izanik, boterea berreskuratu eta beren espazioa behar dute. Horretarako lehen pausoa amestea dela esan zieten. «Gure ametsekin hegan egingo dugu: Aste Nagusiko superheroiak izango gara».

Nork bere burua aurkeztu ondoren, elkarren artean konfiantza sortzeko jolasak egin zituzten, eta superheroi kapak jantzita ibili ziren. Gero, Aste Nagusirako nork bere ideia eskulan batean islatu, eta gainerakoei aurkeztu zien. Umeen desfilea, eskulanak, gozoki tailerra, jaietarako txirrista berezia, entzierroa, txalaparta, txikientzako konpartsen arropa, eskalada, uharteak, konpartsen banderak... denetik proposatu zuten. Baina bi asmok hartu zuten indar berezia: itsasadarra zeharkatzen duen tirolinak eta umeen txosnak —ohiko barrak altuegiak dira, eta umeak ezin dira zerbitzari jardun—. Kanpoko umeak barraketara solik joateak ere kezkatzen ditu; konpartsetara hurbil daitezen nahi dute.

Saioa «oso ondo» joan zen, Urtxintxakoen ustez; beroak eta Aste Nagusiko estimuluek ez zituzten haurren energia, arreta eta ideiak zapuztu. Jarraipena eman eta zabaltzea garrantzitsua da, Villafrañez eta Reciorentzat: «Ume gehiagok parte hartu behar dute, eta haien erabakiek ondorioak izan behar dituzte jaietan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.