Katiuskak eta uretako prakak jantzita hasi dira jada milaka arrantzale amuak prestatzen. Arrantza denboraldia hasi da, eta Euskal Herriko ibai gehientsuenetan altxatu dute arrantzatzeko debekua. Ohikoa izango da aurrerantzean ura leporaino duten arrantzaleak ikustea amuarrain bila. Amuarrainak dira, izan ere, ohiko harrapakinak, nahiz eta izokinak ere topa daitezkeen. Ibai askok lurralde bat baino gehiago igarotzen badute ere, tokiko erakunde publikoak dira lurralde bakoitzean arrantzatzea baimentzen dutenak. Ibaien egoera berdina ez denez leku guztietan, tokian toki, araudia eta epeak alda daitezke. Aipatzekoa da aurreko hiru urteetan Nafarroa iparraldeko ibaietan indarrean zegoen debekua altxatuko dutela.
Andoaingo Leitzaran bailaran (Gizpuzkoa) arrantzale ugari bildu ohi dira. Hurbil dagoen arrain haztegitik amuarrainak askatzen dituzte, ibaiko uren arrain kopuruari eusteko. Horretaz kexu dira hainbat arrantzale: «Nabaria da ez direla bertako arrainak. Piraña moduan ibiltzen dira. Ogi apur bat botata ere segituan heltzen diote amuari. Arrantza federazioak diru etekinak ateratzen jarrai dezan botatzen dituzte arrain horiek». Kalitatearen aldetik nabaria da bertako eta haztegiko arrainen aldea. Nafarroan hartutako eredua Gipuzkoako ibaietan hartu beharko litzatekeela pentsatzen dute askok, ibaien egoera hobetzearren.
Erik de Bustos arrantzalea ez da horrenbeste kexu. Bertako amuarrainak egon badaudela, eta zortea izanez gero etxera eramatea ez dela horren zaila dio.Euli kanaberarekin arrantzatzen du, ninfa estiloan, aintzira eta ibaietan gehien erabiltzen den estiloa. Harrapakina erakartzeko euli itxurako amu artifizial bat jartzean datza. Debekatuak baitaude benetako intsektuak erabiltzea amutarako, errazago erakar ditzakete eta arraiak.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban iragan apirilaren 3an altxa zuten arrantzatzeko debekua. Lurralde bakoitzeko federatu txartela atera duten arrantzaleek uztailaren 31 arte arrantzatzeko aukera izango dute. Araban irailaren 31 arte luzatuko dute arrantzatzeko baimena, Ulibarri Ganboako urtegian salbu. Urte osoan arrantzatu ahal izango dute arabarrek urtegian.
Nafarroa iparraldeko ibaien egoera kinka larrian egon da azkeneko urteetan. Horregatik erabaki zuen Nekazaritza Garapen eta Ingurumeneko sailak ibai horietan arrantza debekatzea orain hiru urte. Denbora horretan amuarrain kopurua nabarmen igo da, eta aurten debekua altxatzea erabaki dute. Nafarroako gobernuak emandako datuen arabera, 2007an 1.635 amuarrain zeuden hektarea bakoitzeko. Iaz, 3.347 zenbatu zituzten. Hein handi batean egoera berreskuratzea lortu baldin bada ere, denboraldia ez da gainontzeko euskal lurraldeetan bezainbeste luzatuko. Maiatzaren 1ean hasi eta ekainaren 30 bitartean izango da posible eskualde horretan arrantzatzea. Nafarroako gainontzeko ibaietan apirilaren 1etik uztailaren 30 bitarte arrantzatu ahal izango dute federatuek.
Ipar Euskal Herrian, arrantza denboraldian ibaietan nagusi diren arrain moten araberakoa da. Izokinak gehiengo direnibai eta erreketan martxoaren 12an ireki zuten debekua, eta irailaren 18 arte luzatuko dute arrantzatzeko baimena.
Amua botatzeko garaia
Euskal Herriko ibai eta aintziretan arrantzatzeko debekua altxatu dute, eta arrantzale asko irten dira amuarrain bila. Araudia eta epeak lurralde bakoitzaren araberakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu