Jaiak. Amurrio eta Agoitz

Amurrioko jaiak luze eta bizi doaz

Kulturaren eguna ospatuko dute gaur; iluntzean Esne Beltza taldeak kontzertua emango du

2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Jaietako laugarren eguna ospatuko dute gaur Amurrion (Araba). Ostegunean hasi zen jaia Iguarrako txoriaren jaitsierarekin, eta ordutik jaia ez da gelditu. Kuadrillen eta haurren egunak pasata, gaur, kulturaren eguna ospatuko da.

Denentzako aukera dago Amurrion; izan ere, egitarau oparoa prestatu ohi dute jaietarako. Ostiralean umeen eguna izan zen, eta larunbatean, kuadrillena; gaur, berriz, kulturari eskainiko diote jaia. Sukaldaritza, kirola eta musika nagusituko dira egun osoan.

Kirolzale goiztiarrentzat, txirrindularitza sari nagusia izango da 09:30ean. Ordu berean, marmitako lehiaketa hasiko da Juan Urrutia plazaren inguruan. Marmitakoa sutan den bitartean, baserriko produktuen erakusketa eta lehiaketa ikusteko aukera izango da plazan. Giroa animatzeko, trikitilariak ibiliko dira kalez kale.

13:00etan, txirrindulari lasterketako sariak banatuko dira. Ordu berean, marmitako lehiaketako kazolen aurkezpena egingo da. Menua dastatu ostean, sari banaketa egingo da. Arratsaldean atsedenareko tartetxo bat egongo da, eta, 18:30ean, izkingileen lehiaketa izan da.

Jasokundearen bezpera izanik, herriko zaindariari loreak eskainiko dizkiote. Jarraian, bertsokupela egongo da, errima eta sagardoa uztartuz, festarako bidelagun paregabeak baitira biak. Gauean, Esne Beltza taldeak kontzertua emango du, Hor Konpon taldearen erromeriari jarraiki.

Bihar, Jasokundearen eguna ospatuko dute amurrioarrek, eta etzi San Rokerena. Aurten, festak luzatu nahian, errepikapena egingo dute asteazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.