Uhinetatik tiraka

Ahots ale bakanak

Xabier Lasa.
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Hirukote jipoitua. Etsigarriak dira Espainiako irrati generalistetako iritzi emaile eta entzuleen erreakzioak, gurean ireki den panorama politiko berriaren ingurukoak. Espainiako gizartearen islatzat hartzekoa bada horiena, ezkor egon behar derrigor. Ezetzaren kulturan oinarritutako diskurtso ia aho bakar horretatik urruntzen diren bakanek, berriz, jipoia jasotzen ari dira azken asteetan… Galdetu bestela, Luis Racionero, Antton Reixa eta Juan Adriasensi. Horiek El Gabinete tertulian astelehen arratsaldetan (18:10-18:55) bildu ohi ditu Julia Oterok, Onda Ceron. Baikortasunaren aldeko iritzia zuhur ematen saiatu zen hirukotea lehengoan, jakitun izanik irrati hori osatzen duen komunitateak (entzuleak, kazetariak…) euskal gaian bat egiten duela, orohar, espainiarbatasunaren ideologiarekin; alegia, Carlos Herrera ahozabalak bikain pertsonifikatzen duen horrekin. Horien iritziak onartzeko tolerantzia gehiago izango al da geroan…

Bakanak. Egiazki, esku bakarreko hatzekin konta litezke disidenteak Espainiako iritzi publikoan, oraingoz. Onda Ceron irratsaio berean baina astearteetan hitzordua duten Lucia Etxeberria eta Javier Sadaba izan litezke beste bi. Ikustekoa da, halaber, Maria Antonia Iglesias azken hilabeteetan Boulevard-eko tertulietan erakusten ari den jarrera fededuna, defendatzailea prozesu politiko berriarekiko. Merezi dute aipatzeak horiek denek, gainerakoan belarriak goxatzen dizkigutelako, besterik ez bada.

Gogoa zikiratzen. Zenbat elkarrizketatu ez ote diren geratzen epelak esan ezinik elkarrizketa egileari, irratietan… Batzuk mihiari kosk egin izan diotela solasean zehar, berehala sumatzen zaie. Hezi legea, hipokrisia, politikoki xuxena izan nahia, berriro elkarrizketatua ez izatearen izua… Auskalo zer nagusitzen den, ordea. Barruak agindu dionetik asko hustu izan duen bakanetako bat Koldo Nabaskues kontsumitzaileen elkarteko (EKA-OCUV) burua izan dugu, azken boladan. REko Boulevard-ean Xabier Garcia Ramsdemek hots egin zion argi indarraren fakturaren igoera zela eta. Nabaskuesek errieta potoloa egin zien Garciari eta gainerako hedabideei: herritarrok ordaintzen duguna noren kontua gizentzeko joaten den ikertzeko eskatu zien ozenki, titular sentsazionalistekin eta ministroaren adierazpenekin konformatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.