Katxiporreta! Ez dakit nondik hasi... Argazki mordoak betetzen dute oraintxe nire gurasoen egongelako mahaia. Zabalik ditut albumak, amaren artxibategi infinitua bere ordenagailuan, DVD irakurgailuari hautsa kendu diogu, eta aitari eskatu diot pailazoen tixerta eta kirol jertseak ere astintzeko. Apalategitik atera ditut liburuak, playeatu hit onenak.Artxiboen arkeologo bat naiz sudur gorria jantzita, emozioen arkeologoa bihotza ere gorri eta gori.
Han dago Maider txikia Amona Josefinaren altzoan Lasarte-Oriako kultur etxean, emanaldiaren ondorengo argazki batean. Hiru urte nituen nik, baina pailazo taldeak bazeramatzan hamar urte plazak betetzen ordurako. Alegia, herriko eta Euskal Herriko haur asko izan zituztela ordurako eskutik oratuta. Uste dut herritar euskaltzale guztiok garela kontziente euskararen alde eta Lasarte-Oriaren erdal-estigmaren kontra egin duten lanaz, eta euskal herritarrak ere bai, gure lurraldeko geografia osora garraiatu baitute euskara Panpoxa furgonetan, mugak muga. Salto egin dut beste argazki batera. Bainatu berri naiz eta toalla kiribilduta daukat esku batean. Memoriak huts egiten ez badit, lau urterekin ikasi nuen bainatu ondoren nik bakarrik nire burua sikatzen: «A ze txurro luzea... ez da jatekoa... zabaldu eta jolastu, hori da gure asmoa.... Toalla aurpegian, ai-oi-ai gozoa, toalla belaunetan eta lehortu airean!». Buruz dakit abestia, eta gorpuztuta daukat mugimendu oro, nahiz eta ez den haien kanturik ezagunena. Baina bada kantu bat guztion garbiketa ohituretan bezainbeste parranda giroan eragin duena. Zer egingo zenuke nik Xa la la esaten badizut? Ba hori, zuk ere barruan duzula pailazo txiki bat bi besoetatik goraka eta erdirantz tiraka.
Nolanahi ere, onar dezagun: pailazoak historiara pasatu badira, ez dira pasatu komun kontuetan busti direlako preseski, ezpada beste hamaika gai arantzatsutan blaitu direlako. Berehala jo dut begiz hirugarren argazkia, herriko plazan, kamiseta zuri-urdinak soinean haur eta heldu andana. Sei urteko Maider horri gurasoek esan diote Pirritx eta Porrotxek ezin dutela Lasarten antzeztu, alkateak debekatu diela eta. Gero etorriko dira beste udalerri batzuen boikotak —orain gutxi arte!—. Hemen dena ez da irri, baina hor gaudenak Irrien Lagunak gara, debekuen aurkako elkartasun taldea. Eskerrak festa alternatiboei eta Sorgin Jaiei, uda hartan gutako askok lehenengoz zapaldu genuen txosnagunea, eta gurasoak pozik: gu pailazoekin zoratuta, eta haiek guri begira potea eskuetan eta irriz. Gure BEC txikia.
Baina pailazoentzat, eta ziur aski niretzat, Patata-Patatarekin heldu zen saltoa, Saharako Tider gaztearen abenturekin. Hamar urte nituen orduan, eta berandu dirudien arren, inoiz baino indar gehiagorekin sartu ziren pailazoak etxera. Batetik, gai sozialak argiki lantzen hasi zirelako haiek, eta bestetik, ordutik aurrera, eta orain gutxi arte, galdetu didatenean nire amak zertan egiten duen lan, harro-harro esan dudalako «Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bideogilea» dela. Sekretu bat kontatuko dizuet: Maitezaitut bideoklipean ispiluan bihotza marrazten duen hori ni naiz. Hazten hasia nintzen ordurako, neurrigabe aukeran, Korrika Txikiko bideoan, Marimototsenean, Juan Gorriti Aztiarenean... gainontzeko lagunei hiru buru ateratzen dizkien pubertaroko neskatila erraldoia.
Hau idazten ari naizela Joselu Gamelua erreproduzitzen ari da gurasoen etxeko entzungailua, LH6ko ikasleon autobuseko banda, eta gogoratu naiz kurtso hasieretako arratsalde bero haietaz Garate estudioan, nola pailazoak ari ziren urteroko diskoa prestatzen, ama haiek grabatzen eta gu gure izarren argazkien ehizan. Ines Osinaga, Gorka Urbizu, Aitor Gorosabel, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita... denak aurkitu ditut albumean. Goazen baino lehenago bazegoen haurrei euskal kultura gerturatzearen beharraz kezkatuta zegoen norbait, nonbait. Garaten bertan grabatu genuen Korrika Txikiko kantua, gure etxean Augustine benindarra zegoen garaian, harreran hartuta, eta handik urte batzuetara heldu zen Yanelle, justu Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Korrikako lekukoaren mezu sekretua idatzi zuten urtean. Han gaude argazkian bostok eta Donetz eta Izar, Gasteizen plaza jendez lepo, lekukoari tinko helduta. Augustinek, Yanellek eta duela zazpi urte etxera ailegatu zen Françoisek hirurek ikasi zuten euskara, eta hirurek eraman dute lekukoa pailazoen eskutik, alai elkarrekin, eta orain harrerako hiru anai-arreba euskaldun ditut han nonbait Afrikan.
Kontinente horretara ere joan ginen irrien lagunen brigada, jada nerabezaroan sartuta, bibra, bibra, bibra, biba bibrazioak, Mari Kalanbre baino entxufatuago Etiopia Utopia egitasmoarekin. Eta garrantzitsuagoa dena, Europatik haragoko errealitateak guztion etxeetara ekarri dituzte Kintxo Barrilete, Txo MikMak, Tatanka Yotanka eta bestelako emanaldiekin. Etiopiatik bueltan, jada gazte, bidelagun izan ditugu pailazoak hala juergan nola bizitzan. Abordatzera, Euri Tanta, Iritsi da Eguna, a ze gerri dantzak Elenitaren Aurresku tabernan! Eta a ze emozio dantzak senide bat hil zaigunean, minbiziari aurrez aurre begiratu diogunean. Eskerrak ezagun genuen iruditeria hori Ane Piratarekin eta Amaren Intxaurrekin.
Hori pentsatu eta bulkadan joan zait begirada talde argazki batera. Hor dago Aitziber, ohiko aurpegia diz-diz bizitzaz bor-borka. Alboan ditu bi Alex-ak, ama, Oihana, Gari, Izaskun, Aiora, Joxe Mari, Mertxe... Nire irudimenak bete du argazkia. Badira beste batzuk: Takolo-Agustin, Xabi, Joli, Amaia... Gora katxiporretar denak.
Atzoko argazkiei begira ari naiz orain. Kuadrillan etorri gara, haietako bat oholtzan, beste bat haurra besoan hartuta. Salamancako lagun bat ere ekarri dugu, euskaraz ikasten ari dena. Familia normatiboak, trans bikoteak, marikak kuadrillan eta bollera amabakarrak. Denak gaude hemen pailazoei begira, aspaldi astindu zuten milakolore oihalaren pean. Denok kabitzen gara BEC honetan, eta bertan hartu dut azken argazkia. Eskua bihotzean: sentitu. Eskua buruan: pentsatu. Eta ukabila airean: ekin. Denok elkarrekin.