Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Ama hizkuntza

2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bermeoko hizkuntza eskolak arras gogo atsegina izan du aste honetan hainbat elkarte eta egiturari postal baten bidaltzearekin. Hamalaugarren Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna zen atzo, eta ama hizkuntza esanaldia hizkuntza askotara itzulirik jarria zen, Bermeoko portuan den Xixili halako itsas laminaren irudiarekin. Andersenen oroimenez Kopenhagen Danimarkak jarri itsas lamina txikiak bezainbat grazia dauka, nahiz ama itxura gehiago lukeen...

Hizkuntzak asko aipatu ziren Expolangues Pariseko erakustazokaren karietara, munduan sei milako bat direla. Horietarik hiru milak bizia daukatenak, eta horien artean gutxik 2100. urteko muga pasatuko dute, bizitza sozialik gabe gertatzekotan baitira. Beste hizkuntzen gehiengo handiarentzat bezala, galdera mingarria bagenuen: ea euskara nola aterako den, batez ere Iparraldean, inongo babesik gabe.

Ama hizkuntzak daukan garrantzia, gaur egun zientzialari guztiek azpimarratzen dute, politikoek askotan baztertzen dutelarik. Haurra eta pertsonaren eraikuntzan oinarrizkoa da. Frogatzat da ere adin handietan direnak nola itzultzen diren haurtzaroko mundu horretara, bereziki ospitaleetan. Baionakoan indar zerbait egiten bada ere euskaldunei erizain euskaldunak hurbilarazteko, azpimarratzekoa da zein tristeki askok bizia utzi behar duten, eremu horietan bihotz eta gogotik hain sakonki hurbil duten hizkuntza baztertua baitzaiote.

Biziaren aniztasun eta dibertsitateari premiazko zaio amaren (eta aitaren) ahotik entzun lehen hitzen gordetzea. Eskolaren eginbidearekin hor ditugu jendetasunaren errespetu gutienezkoaren beharrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.