Nire lagun Felixek dio aurtengo Maratile-k kutsu erotiko-festibo handiegia izan dutela. «Ezta orgasmo betiereko batean biziko bahintz ere!».
Ez, ez naiz orgasmo betiereko batean bizi, baina hemeroteka errepasatu ostean ohartu naiz Felixi ez zaiola arrazoirik falta.
Hori bai, ez da berariaz hartutako erabakia izan. Ohartu gabe, aurten erotismoak ihes egiten dit.
Eta ez dakit zergatik.
Nire lagun Felixi kasu egitera, erantzun guztiak ametsetan daude. Ez dakit hala den ala ez, baina egia da azken bolada honetan amets erotikoek sarri egiten didatela bisita. Aste honetan bertan, esaterako, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua hasi zait agertzen ametsetan. Eta, ametsetan, belarrira xuxurlatzen dit ez duela Wert ministroaren legea inola ere ezarriko gure eskoletan. Edozer egiteko prest dagoela.
—Edozer?
—Bai, edozer
—Baina legeak ez al zeuden betetzeko?
—Neu naiz legea —erantzuten dit borra bat laztantzen duen bitartean—.
Bat-batean, ametsak salto egiten du. Eskola bateko patioan gaude, herri-harresi bat dago, Aske Gune bat, eta denak daude lurrean etzanda: Uriarte, Urkullu, Egibar, Ortuzar, Mintegi, Urizar… denak Wert Ministroari aurre egiten eskolara sar ez dadin.
Eta beltzak haien gainean, altxatzen, atzetik heltzen, gorputz anabasa batean… Denak nahasturik, irrintzika, ferekatzen, borra-festa amaigabean, elkarri egurra ematen…
Arestian esan bezala, erotismoak ihes egiten dit.
Aste honetan hirutan…

Maratila
Amets hezeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu