Baina zer da hau? Galdezka jarraitzen dugu andoaindar askok. Zer gertatzen ari da aspaldiko urtetan, aldian behin, komunikabideek beren tituluak bertan fokaliza ditzaten? Zer, herri honetan gertatzen denaren gainean espekulazioak, bertsio kontrajarriak, aurrejuzguez beteriko kronikak… osa daitezen? Zer, gizartea gobernatzen duten hainbat estamentu herri honi begira jar daitezen? Zer, Andoain territorio komantxe gisa aurkeztu dezaten, inon baino pertsona biolento eta gizatxar gehiago dituena? Zer, bertan bizi ez direnak —eta baita bertan bizi diren batzuek ere— edozer sinestera jar daitezen?
Akademia. Gertaerak ezkutatzearen nahiz puztearen, eta gizartearen arreta bideratzearen kontuan, Andoain izan liteke laborategi bikaina. Eta inpresioa dut, aztertzen hasita, Maialen Lujanbiok Udako Ikastaroetan aipatu duen Akademiaren figura plagiatu beharko zela. Ez dakit konspirazioaren teorian sinesten hasi ala ez, baina pentsatzen hasia nago funtzionatzen ote duen Akademiaren bat tokian-tokian (Gipuzkoan, esaterako), albistea zer den eta zer ez erabakitzen duena, sinetsi beharreko bertsioa homologatu eta zabaltzen duena gardenki nahiz subliminalki, eta gutxiesten dituena errealitate poliedrikoaren beste aurpegiak.
Dei naza fiskalak. Kontua ez da Luis Aizpeolea kazetari beligerantetzat jotzea (nahiago halakoak balira distantziatik pontifikatzen aritzen diren orojakileak…). Baina Ganbara-ko tertulian, asteazkenean, giltzarri bat eskaini zigun —zidan niri behintzat—, ulertzen hasteko, elitean dabilen Akademiak eta kalera itsatsitako errealitateak maiz eratzen dituzten mundu paraleloak. Hasi zen aitortuz Andoaingoaz iritzia emateko baliatu zela udalbatza famatuan izana zen politikari batek emandako testigantzaz. Pertsona zuhurtzat jo zuen politikaria, enfrentamenduen kontrakoa. Aizpeolearentzat, gertakizunen sekuentzia guztitik kezkagarriena udalbatzako istiluak izan ziren, gaindituta ziruditen garaiak itzuli balira bezala. Baketzen ari den Euskal Herrian azkenekotako zokoa dela Andoain kasik, alegia. Bada, zutabe honen egileak, udalbatzan izan zenak, ziurta dezake politikari hura izan zela, udalbatza lepo jarri zuten pertsonen artean, asaldatuen, aho beroen ibili zena, perla politak jaurtiz ustez paktukide zituenen aurka.

UHINETATIK TIRAKA
Andoain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu