Milioika bakterio espezie existitzen dira; batzuk ezinbestekoak dira gizakion biziraupenerako; beste asko izugarri kaltegarriak dira guretzat, heriotza eragiteraino. Azken urteetan antibiotikoen gehiegizko erabileraren eta erabilera desegokien ondorioz bakterio askok antibiotikoekiko erresistentziak garatu dituzte. Eta osasun publikoaren lehen mailako arazo bilakatu dira.
Izan ere, urtero milioi bat hildako baino gehiago eragiten dituzte, eta, adituen arabera, kopuru hori hamar aldiz handituko da 2050erako. Hori dela eta, antibiotiko berriak aurkitzea da zientziaren erronka handienetakoa orain.
Antibiotiko tradizionalek bakterioen mekanismoak oztopatuz eragiten dute haien heriotza. Penizilinak, adibidez, bakterioen horma zelularraren sintesia inhibitzen du. Tetraziklinak eta kloranfelikolak, berriz, proteinen sintesiari kalte egiten diote. Baina denboraren poderioz, bakterio asko gai izan dira beren barne funtzionamendua moldatzeko. Antibiotikoen efektuei muzin egiten diete eta bizirik jarraitzen dute.
Osasunaren Mundu Erakundeak lehentasunezko patogenoen zerrenda bat argitaratu du, eta, haren arabera, Acinetobacter baumanni bakterio Gram negatiboa da mehatxurik larriena, ospitaleetan urtero 400.000 heriotza baino gehiago eragiten dituena.
Bakterio Gram positiboak ez bezala, Gram negatiboak bi mintzez daude inguratuta. Mintz bikoitz hori dela eta, antibiotiko tradizional asko ezin dira bakterio mota horietan sartu, eta ez dute inolako kalterik eragiten. Gram negatiboei erasotzea zaila denez, erakunde eskudunek ez dute horiei aurre egiteko sendagairik onartu. Baina, berriki, itxaropena piztu da.
Gram negatiboen kanpo mintza lipopolisakarido izeneko adreiluz osatua dago. Adreilu horiek bakterioen barruan ekoizten dira, eta kanpo mintzera garraiatzen dira gero ezkutu babesle bat osatzeko. Bada, Roche enpresa farmazeutikoko eta Harvard unibertsitateko ikertzaileek garatu duten antibiotiko berriak, zosurabalpinak, adreilu horien garraioa oztopatzen du. Eta adreilurik gabe, ez dago hormarik.
Bakterioen kanpo mintzari kalte eginez, haien bideragarritasuna murrizten da, eta aurrez bakterioan sar ezin zitezkeen antibiotikoen sarrera ahalbidetzen da: antibiotikoekiko erresistenteak ziren bakterioak zaurgarri bihurtzen dira. Momentuz, zosurabalpina Acinetobacter baumanniz kutsatutako saguetan eraginkorra dela frogatu da, baina hasi dira gizakietan lehen probak egiten. Egun, zosurabalpina I. fase klinikoan dago, farmakoaren segurtasuna ebaluatzen den fasean.
Zosurabalpinaren aurkikuntza antibiotiko berri baten garapenetik harago doa. Superbakterioei aurre egiteko antibiotiko berriak garatzeko ate berriak ireki ditu, eta horrek berebiziko garrantzia dauka. Lasterketa honetan ezinbestekoa baita gizakiak bakterioei aurrea hartzea, haiek gu garaitzea nahi ez badugu.