Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Arazo batzuk eta besteak

2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Tira, bukatu ditugu futbolarekikoak. Atzera begiratu eta espantuz ikusten dut aurten zenbat eta zenbat idatzi behar izan dudan futbolaz, ustez telebistari eskainia den tarte honetan. Ezin bestela izan, gaurkotasunak agintzen du gurean ere; eta, zorionez edo zoritxarrez, edo biak batera, futbola izan dugu eskuarki aurtengoan protagonista garbia. Athletic izan da tarte zabal batean, Europan eta Espainiako kopan egindako ibilbide paregabeengatik. Espainia izan da azken hilabete luzean, amaitu berri den Eurokopa tarteko. Eta, zintzoki, ez dakit zein diferentzia dagoen Athleticek irabazi nahi izatean, edo Espainiak. Ikasturte osoa futbolaz hitz egiten eta oraindik ez diot graziarik aurkitu: batak irabazi, besteak galdu, aldartea berdintsua izan da biharamunean. Baina imajinatzen dut praktikan askoz esker onekoagoa izango dela Espainiaren alde egotea, behintzat irabazi egiten baitituzte jokatzen dituzten finalak.

Gehiago arduratzen nau kirol gertakizun batek jendartean izan dezakeen eraginak. Aro berrian egonik, horrek bizikidetzan eragin ditzakeen gorabeherak. Espainiaren azken lorpenekin Euskal Herrian espainiartasunaren armairutik ateratze bat eman den bezala —Espainiako banderen ugaritzearekin, adibidez—, badirudi euskal herritartasunaren armairura sartze bat ere gertatu dela, bai bederen Espainiako selekzioko euskal herritarren artean —katalanekin, are Albiolen gisako valentziar batekin, gertatu ez dena—: Fernando Llorente euskal herritartzat dutenentzat, esan, Errioxako bandera eraman zuela ospakizunetan; Xabi Alonsok ez zeraman ez ikurrinarik ez bestelako trapurik —kontuan hartu Madrilen pasatu behar duela gero urte guztia—; eta Javi Martinezek, to eta no, Aiegiko bandera jarri zuen kolkoan.

Sinboloen eremutik, ordea, jaits gaitezen errealitate ukigarrienera, telebistara —zenbatek besarkatu, musukatuko zuen igande gauean—. Espainian, %83,4ko kuota izan zuen Eurokopako finalak. EAEn %72,1koa, 663.000 ikus-entzule guztira. Kontsolamendua behar duenarentzat: independentziaren alde egingo lukeen Katalunian ere %74,3k jarraitu zuen. Hori bai, esango dizute finean Barçaren garaipena dela Eurokopa hau. Akonplejatu hutsak direla, alegia. Edo Raxoiren hitzekin laburbiltzeko: batzuek arazo batzuk dituztela eta beste batzuk beste batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.