Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Askoz hobeto, bistan da

2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Psa den ostiral gauean, beraz, Rock Radikal Vasco. La gran martxa de los 80 dokumentala estreinatu zuten Espainia aldeko telebista publikoaren bigarren katean. Pozteko moduko estreinaldia, Espainia aldeko telebista publikoak arreta jarri baitio euskal gai bati. Eta, bat etorriko zarete nirekin, ez da usu gertatzen den gauza —are, ETAk jardun armatua utzi zuenetik—. Dokumentalak azaltzen zuen Euskal Rock Erradikala deitu izan den mugimendu edo etiketa edo dena delako horren jaiotza, bizitza eta heriotza, bertan parte hartu zuten hainbat protagonistaren ahotsean. Eta gustatu zitzaidan, asko hitz egin baita kontuaz, zaila delako dagoeneko zerbait txukuna esatea. Baina, jakin dezazuen badaezpada, musika ez da nire fuertea —telebista ere ez, baina tira—. Eskertuko nuke gaian aditu direnen iritzi kozkorra.

Ondorio bat edo beste ateratzeko aukera eskaini zidan, ordea. Batez ere aurreko ostiralean eman zuten Galicia canibal dokumentalarekin konparatuta. Iritzi, juzku, uste oro konparatiboa baita beti, beti ondorioztatzen baitugu ezer zerbaitekin konparatuta, bi dokumentalak erkatzera jo dut ezinbestean. Eta ez dakit onik ateratzen garen euskaldunok galiziarren aldean. Ea. Hasteko, galiziar batzuek egiten zuten dokumentalean galizieraz, baina euskaldunen artean bakar batek ere ez zuen egin —ez Josu Zabalak, ez Iñigo Muguruzak, ez Roberto Moso aurkezle eta, kredituen arabera, aholkulari historiko-musikalak berak—. Musika talde galegoak konektatuta zeuden mugimendu kultural zabalago batekin, arte plastikoekin, idazleekin, euskal taldeak musika egitera mugatu ziren modu berean. Emakume galego gehiagok parte hartu zutela iruditu zitzaidan hasieran, baina ez, eta ez zuten izan Las Vulpes gisako talde bat gainera. Eta gureen artean etiketa inork zalantzan jarri ez zuen bezala, galegoen artean batekbaino gehiagok egin zuen hori; kurioski, existitu zela defendatzen zutenak izan dira Madrilen bukatu dutenak. Roberto MosokZaramaren autobonboa egin zuen, noski —«Eskorbuto baino lehen gu geunden»—. Anton Reixa aurkezle galegoari ez genion entzun Os Resentidos-i buruz hitz erdirik esaten, eta motibo gehiago zituela uste dut. Beti pentsatu izan dut gurean Os Resentidos gisako zer edo zer izan bagenu gauzak oso bestela joango zitzaizkigula. Askoz hobeto, bistan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.