Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Atzerakako pausoa

2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ernesto Ekaizer. Madrilgo hedabideetan ezaguna zaigun analista fitxatu dute Boulevard-eko tertulian, astelehenetarako. Arraioa, iraganeko akatsak jada gainditu zirelakoan… Alegia, euskal gaiak geografikoki ez ezik interes pertsonalaren aldetik ere urrun samar geratzen zaizkion Espainiako analista Radio Euskadiko tertuliakideen kuadrillara batzea. Letra larriz idazten den politikaren epizentroa Madril dela pentsatzen duen akonplexatu probintziarraren bertsio modernoa ote? Euskal sozialismoak ez ote du hemen, bere inguru soziologikoan, taxuzko iritzi emailerik EITBrako, egingo du galdera baten batek. Ustelkeria politikoaz mintzatzeko eta PPri egurra emateko mihi ezin zorrotzagoa dela erantzungo da ziurrenik, zuritzeko fitxaketa. Galderak galdera, logikak esaten du Euskal Herriko errealitate propioak txanda-pasa egin beharko duela astelehenetako tertulietako agendan..

Divoaren delirioak. Espainiako irratizaleen begiratuen zentro bilakatu da Carlos Herrera. Esataririk poliedrikoa, kontraesanezkoa inor bai eta, bera: ahots atsegin eta komunikatzaileduna, ego galantekoa nortasunez, atzerakoi eta espainiar zentrista amorratua ideologikoki, albistegia eta iritzia nahaspilatzen zein etsai politikoak iraintzen eta baztertzen artista kazetari gisa… Ostiral goizean, divo dekadente baten antzera mintzatu zen: Onda Cero utzi eta oporretara zihoala iragarri eta gero, etorkizunaz deusik ez dakiela ziurtatu zien bere bi milioi entzuleei, fosforoei. Etorkizun horrek ipurdi bistan utz nazake iragarle gisa, baina nago, gizona COPE irratian adituko dugula irailaz geroztik. Poltsikoa, audientzia, egoa eta ideologia, lau hankako urrezko aulkia, Espainiako kortijoan señorito izan denarentzat. Deseroso zebilen aspaldi Onda Ceroko programazioan batzuk ez zirelako bera bezain eskuin autentikoak (Julia Otero, esate baterako). Eta, gainera, Planeta komunikazio taldean La Sexta telebistarekin —Wyoming bezalako aparejuekin— topo egin behar zuelako. Berea amets handia, bikoitza da: COPE PPren eta eskuineko sektoreen erreferentzia nagusia bilakatzea, eta, bera, irrati horren ahotsa eta ikonoa izatea. Ser irrati kateari aurre eginez entzule kopuruak handitzeko, gotzainen irratiko kirol talde sendoaren konplizitatean jarri du fedea. Eta operazio hori gauzatzen den bitartean, zer hobe poltsikoak txin-txin egiten badu baino...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.