Egun, oso arrunt bilakatu dira kontaktuen orrien bitartez ezagutu eta hortik sortutako bikote harremanak. Lehen, herrietako jaietan, tabernetan, bidaiaren batean, unibertsitatean edo bulegoan ezagutzen genuen gure «bihotzeko azukre koxkor» hura; orain, ordea, dezente dira etxetik irten gabe elkar ezagutu eta, Romeo eta Julietaren antzera, maitale erromantikoenak bihurtutakoak. Erosoagoa da, ezta, ordenagailuan, edo sakelakoan bertan, tikitiki-toktok, tekla soil batzuei eman eta orri batean zein bestean bilatuz, gure neurriko norbait topatzea.
Halakoek, lehen, erreparoa ematen zidaten. Zera iruditzen zitzaidan, aurrez aurre espresatzeko gai ez izan eta horrela errazagoa zelakoan aritzen zirela ziber-ligatzen... Haien hizki txikiak erraz ezkutatu edo disimulatzen zituztela, horrela. Bai, lotsatientzat ona zen, baina nik nahiago aurrez aurre ikusi, ondo aztertu, usaindu eta ahal bazen, dastatu. Ja!
Gaur, auzokide bat eskaileratan topatu dut, bere bikotekide berriari musu eman, koska bat igo, beste musu bat eta ieup, bigarren solairura, ukitutxo bat ipurdian, eta horrela. Hara, alboko etxekoarekin elkartu da, ze ondo.
Bai, parean leihotik ikusten dudan tipo hori bakarti ikusten nuen, eta begira orain, zeinen ondo, neska-laguna jatorra, eta, gainera, musuak doan!
Natiren dendan edo, beharbada, auzoko elkarteko pilates ikastaroan elkar ezagutuko zutelakoan banengoen...
Ba ez! Bikote honek kontaktuen orri bitxi baten bitartez ezagutu omen du elkar, eta tekla artean maitemindu dira; nola, gainera, egunero espaloian gurutzatutakoan batak bestearengan sekula erreparatuko ez zuela jakinda, agian.

Maratila
Auzoko maitaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu