Alde handiegia. Eguerdiko albistegi nagusian jakin zen Alice Munrori eman ziotela Literaturako Nobel saria. Albistegiko tituluak ematean, albisteen bizpahiru datu nabarmengarrienak sintetizatu ohi diren tartetxo horretan, Munroren lan gehienak gaztelerara itzulita dauzkagula gogorarazi zigun Felix Linaresek. Geroxeago, Kultura.com saioa heldu zenean Linares eta Idoia Jauregiren eskutik, orduan bai aipatu zuten euskarara ere itzulita dagoela Munroren idazlanaren bat (Zorion handiegia). Gaztelera eta euskara ondo erretratatuta geratu ziren balioen hierarkian, Linaresen ahotan.
Azkartasuna. Euskadi Irratiko esatariengan ezaugarriren bat nabarmentzekotan, azken uneko albisteren bat lantzeko dauzkaten erreflexuak izan liteke; agendak, kontaktuak eta artxiboko grabazioak astindu eta testua jorratzeko gaitasuna, alegia. Munrorena jakin eta lasterrera, Zorion handiegia euskaratu duenetako itzultzaile batekin, Nagore Tolosarekin, eginiko elkarrizketa eta Harkaitz Canok idazle kanadarra auskalo noiz hizpide izan zuen tarte hura eskaini zizkigun Arantxa Iturbek aitaren batean. Teknologia, literaturzaletasuna eta kazetaritza senarekin aliatu zen.
Haiek ere. Estatu terrorismoak sortu dituen biktimak naturaltasunez onartzearen eta haiei ere mikrofonoa jartzearen ariketa horretan, pausoak ari dira ematen azkenaldian EITBko bi irrati handiak. Hori bai, abiadura arras ezberdinekin, kazetari batzuen traba ideologikoak tarteko. Adierazgarria da, esaterako, REko gauak (Ganbara) zenbateko distantzia ateratzen dion goizari (Boulevard). Biharko Lasa eta Zabalaren bahiketaren 30. urteurrena dela-eta aparteko saioa iragarri digute Faktoria saioan, EIn.
Maria de Villota.Laudorioak adierazi dira egunotan herenegun zendu zen 1 Formulako gidariarengatik, eta arrazoituak denak. Akaso, estatuko irratigintzaren ikuspegitik, marka historiko bat ezarri zuela erants genezake. Lehen emakumea izan baitzen lortu zuena gauean gehien entzuten diren bi kirol irratsaioek —El Larguero (Ser Katea) eta El partido de las doce (COPE)— futbola alde batera utz zezaten eta berari entzutera jar zitezen ia programa osoan. Pasadizo miraritsua eta guzti eman zen urtarrilaren 15eko gau hartan: Villotak, bi irratsaioetan, denbora berean jardun zuen hizketan!

Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Balioen hierarkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu