Ez gaude konforme! Lurdes zenaren hitzen aho beteka kantatzea erantzun egokia litzateke? Barbaroen garaian buru-belarri sartuak garela egunero konturatzekoa bada, Jarry-ren Ubu erregea dugula denetan bufoi nagusi.
Gizon bat, beste baten bihotz eta gibelak tripatik jalgi eta jaten hastea ez da maori baten kontua, turista zuri bati egindakoa: ez, Siriako basakerietarik bat, 1936an bezala, balkoian dagoen Europa zintzoaren aurrean egina. Apetitua ona dutenentzat gehi dezagun Guantanamoko presoei gertatzen ari zaiena beren gose greba luzearen gaurko kapituluan: jatera behartzen dituztela, kazetari zehatz batek dioenez, «aulkiari lotu eta 61 zentimetroko zunda sartzen diete sudurretik sabeleraino, espetxeko sendagileen protokoloan jasota dagoenez».
Hemengoak ere Ubuen erresuma absurdoari lot daitezke nola atzokoa, Ertzaintza goizaldean Ondarroan Urtza Alkorta atxilotzen oihu garrasien artean. Gure herriko irudi tristea. Beste batzuentzat «Justiziaren paisaia» ote? Kontuz pozik ez direnentzat: «Espetxeratze bat oztopatzen saiatu ziren lau lagunei seina hileko kartzela zigorra ezarri diete Bizkaian» irakur daiteke. Bekatua? Astorkizaga kartzela zeramatela, espetxerako errepidea itxi zutela iaz!
Politena bukaerarako? «PSE, PP eta UPDk babestuta, adierazpen bat onartu du Eusko Legebiltzarrak, ukatzen duena preso politikorik dagoela. EAJ abstenitu egin da, eta EH Bilduk aurka bozkatu du». Eta bai, ez dago preso politikorik, eta batzuek ez sinistu nahi!
Ez pentsa, hemen ere bide onean gaude: Baiona Ttipian atzo hainbat begi beltz bereziei so nindagon... dena kameraz josi dute «gure segurtasunarentzat»!

Maratila
Barbaroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu