Nik nahiago nuen San Mames agurtzeko ospakizun ekitaldi guztiak bertan behera utzi izan balira, Bilbon —hobe: Euskal Herri osoan— asteazkena dolu eguna izendatuta, egun berean hildako Maureen Ada Otuyaren omenez —zalantza izan dut hemen izen abizenak jarri edo «emakumearen», baina kontxo! Maureen Ada Otuya zen emakume hori, bere poz, beldur, zera guztiekin—. Eta baita Jenny Sofia Rebolloren omenez ere, asteazkenean bertan jakin baitzen Jenny Sofia Rebollorenak zirela Bilboko gimnasio batean aurkitutako hezurkinak. Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebollo, beraz, gogoan gordetzeko bi herrikideak.
Baina, ados, kirola kontu serioa da; nola utziko dute bada bertan behera gisa horretako ikuskizun bat. San Mames zaharra, hainbeste momentu on —eta, tira, ez hain on— emandakoa, behar bezala agurtu behar zen. Pentsatzen nuen hain zelai berezia, hain klub berezia, hain zale bereziak izanik keinu bat behintzat izango zutela hildako herrikideekin, minutu erdira iristen ez diren minutu bateko isilune horietako bat, bederen. Ez ba, halakorik ez nuen ikusi. Baina, ez nadin askorik desbidera. Nahikoa zuten athleticzaleek San Mames zaharra agurtzearekin. Eta bide batez jokalariei omenaldia egitearekin. Zelaiaren erdian 150 futbolari ohi, zale guztien txaloak jasotzen. Nerea Onaindia edota Eba Ferreiraren arrastorik batere ez.
ETB1ek eskaini zion asteazkeneko arratsalde gaua. Otuyari ez, noski, ezta Rebollori ere. San Mamesen agurrari. Ez pentsa, den-dena ikusi nuen. Lehenik, dokumentala, San Mames 100 urte. Eta ilusioa egin zidan jakiteak Irungo Racingen aurkako partida batekin estreinatu zela, Barçari 12 - 1 irabazi zitzaiola, Manchester Unitedi 5- 3, Madrili 5- 0. Zuri-beltzean denak, baina garaipenak berdin. Ez dakit ilusioa egin zidan jakiteak Espainiako selekzioak jokatu izan duela bertan. Bai, eta handia, Luis Fernandez ikusteak ikurrina batekin toreroarena egiten. Eta Athleticeko emakumeak ikusteak, erreportajearen 28. minutuan eta begi itxi-ireki batean. Eta agur partida ere osorik irentsi nuen, aurreko zertzeladak, partida bera, ondorengoak, Athleticen erreserkia abestu zuen castratoa barne. Agur, San Mames zaharra. Ongi etorri, berria. Espero dut eraikitzeko kendu dizkidaten 72 euroekin partida bat ikustera behintzat gonbidatuko nautela. Berdin zait gizonezkoena bada.

Komunikazioa. Ekografiak
Berdin zait gizonezkoena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu