Gauzak hasi egiten diren bezala, bukatu ere bukatzen dira —egun pare bat gutxiago falta da datozen sanfeminetarako—: hiru urte eta erdiko ibilbidearen ondoren, 1.361 saio, 10.000 erreportaje eta 2.500 zuzenekoren ondoren, joan den ostiralean esan zigun agur betiko Euskadi directo saioak. Tarte honetan hitz egin dugu behin baino gehiagotan haren gainean: lehen aldiz aipatu nuen esateko ez nuela ikusten, aitortzen dut. Baina gerora ez da izan erabat egia. Ikusi izan dut, baiki, gehienetan ere amorrazioz goraino betetzeko. Adibidez, desjabetze baten ondorioz bere buruaz beste egin zuen emakume baten kasua nola landu zuten ikusita. Adibidez, esklusiboki eguraldiari eskainitako saio haiekin jendearen ezinegona areagotu besterik egiten ez zutela ikusita. Ezen, Maria Gonzalez Gorosarrik ondo definitu bezala, informazioa eta entretenimendua nahasten dituzten saioen eredu izan baita Euskadi directo, infotainment esaten dieten horiena, eta guk intontainment gisa birbataiatu ditugunena. Eta esan izan dugu inoiz zerbait, gertakari-gai bat Euskadi directo-ren gisako saio batean agertzen bada, malo. Esan nahi baitu ikuskizuna gailentzen ari dela, benetako informazioaren kaltean.
Saioaren azken erreportajeak ere ildo beretik joan dira: Albako dukesa Donostiara etorri dela jada, oporraldia iragatera —eta jakin dugu txipiroiak eta Kontxa hondartza gustatzen zaizkiola—. Erakutsi digute itsu batek nola ikusten dituen entzierroak —eta aditza esaldiari saiokoek jarri diote—. Eta sanferminak egunotan ekidinezinak direla berriz konfirmatzeko, esan digute estatubatuar batek eskua eskatu diola bere neska-lagunari entzierro bat korritu ondorenean. Eta horrela. Beste hiru urte eta erdi pasa genitzake, beste 1.361 saio, 10.000 erreportaje eta 2.500 zuzeneko.
Bukatu da, beraz, Euskadi directo. Betiko, antza. Prentsan irakurri dugunagatik, ETBk ez du gisa horretako beste saio batekin ordezkatuko, aurrekontuko dirua beste saioetako edukietan gastatzea erabaki du. Aspaldiko erabakirik zentzudunena iruditzen zait. Eta irakurri dugu, halaber, lehentasuna euskarazko kateak izango duela arratsaldeko tarte horretan. Bikain. Erabaki erabat zentzuduna hori ere, bistan da. Bi-biak. Ea. Guztion artean kuraiatu beharko ditugu euskal telebistako agintedunak, bietan jarrai dezaten aurrera.

Komunikazioa. Ekografiak
Bietan jarrai dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu