Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Bilatzen asmatzea

2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Nahi dutena esango dute, baina uda garaia telebistarentzat ez da basamortua. Badira ikusgai ohiko txiro-zopak; eta badira ikusgai saio ikusgarri askoak. Kontua da bakanago direla, eta ezkutuago, eta zorrotz bilatzen ere ibili beharra dugula. Ezkutuago, eta ezkutuegi batzuetan. Breaking Bad telesaila iragarri zutenean ETBn poz txiki bat hartu nuen. Besteak beste, eredu ditudan —janzkera eta, oro har ,moda kontuetan, batez ere— Harkaitz Cano eta Koldo Almandozek hamar telesail onenen artean kokatzen —edo metanfetaminatzen— zutelako Telezailak izeneko liburuan, bederatzigarren postuan biek ere.

Ez dakit, nire inuzentzian irudikatu nuen euskaraz estreinatuko zutela ETB1en. Baina, ez, lehen ezustekoa, ETB2n emango zuten; bistan da, gaztelaniaz. Bigarren ezustekoa atseginagoa izan zen, ETB3n ere emango baitzuten, bertsio originalean eta euskarazko azpidatziekin. Beste ezusteko bat ere gordetzen zuen,haatik, euskal telebista publikoak niretzat, behin betikoa: bai ETB2koa, bai ETB3koa, gauerditik aurrera emango zuten. Eta ni, irakurle maite, ordu horretan amets sakonen batean murgilduta izaten naiz, eta, ahal dela, ez ETBrekin. Azkenerako, erdiko bidetik jotzea erabaki nuen: merkataritza gune handi batera joan eta telesailaren lehenengo denboraldia erosi nuen. Dei nazazue inozo —azpitituluak.com helbidean eskuragarri dugu—, baina ilusio apur bat ere egiten zidan, lehen aldiek sortzen duten ilusioa. Gainera, Ibon Egañarekin solasaldia izateko aukera izan nuen, aspaldiko partez.

Uda garaiko saio ikusgarri guztiak ez daude hain ezkutuan, ordea. Badira ageriagoak, baina lau urtean behin baino ez direnak pantailaratzen. Olinpiar Joko urtea da aurtengoa; igarriko zenioten, honezkero. Atzo hasi omen ziren, ofizialki, nahiz aurretik jada saioren bat edo beste jokatu den —bada ostegunean TVEko lehen katean Gora Japon ikusi uste zuenik ere—. A, eta zenbat telebista jardunaldi gogoangarri eskainiko dizkiguten Olinpiar Jokoek abuztu honetan. Saio gailenekin, noski, 100 metro eta abarrekoekin. Baina baita ustez lo eragile diren kirol horiek ikusten ere, horiexetan hartzen baitute Olinpiar Jokoek egiazko dimentsioa, eta teleikusleak gozatua. Gero, esango dute telebistan ez dagoela ezer. Baina, udan—nahiz udazken, negu, udaberrian—, bilatzen asmatzea izaten da kontua. Zorte on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.