…aberatsena!». Hori zen Guk kantari talde aipatuaren aspaldiko kanta baten errepika. Eta egia da nonbait aberastearen horrek gure mundua tiratzen duela, iduriz berekoitasunak bezainbat. Argibide bezala ez ote ditugu hor Gabonetako Sari Nagusia, baina baita ere egunero ikusten ahal diren horiek, tabako denda estankoetan paper batzuk karrakatzen, dozenaka ditugu aukerak, omen, «aberasteko». Sarkok ere aitzakia horrekin 2017an «goizik jaikitzen ziren langileei» diru gehixeago bederen hitzematen zien. Baina ez dela lan eginez aberasten batek baino gehiagok deklaratuko du bizi osoan.
Are! Aberastu daitekeen irakurleari aste honetako adierazpen txukunak aipatzen ahal dizkiogu. Nola Suitzan 26 milioi eurotan saldu den diamante bat, laranja kolorekoa, horrek balio handia ematen baitzion, 40 karat baizik ez pisatuz ere. Ohargarri da ere Londresen Sotheby's etxean munduko diamante lodiena saldu dela, hori hargatik 60 milioi eurotan. Bada besterik: munduan sekula hain kario saldu den pintura obra New Yorken, Christie's etxean, 142,4 milioi dolar, hots 105,5 milioi eurotan saldu da. Hori zen Francis Baconen triptiko bat Trois études de Lucian Freud, 1969an pintatua. Osloko Munchen obra, Garrasia, gainditu du, hori saldu baitzen 100 milioi dolarretan baizik.
Ironia zerbaitekin aipatzekoa bada, bistan da. Egokia da gehitzea Baconen obraren balioa dela, Frantziako SMIC hilabeteko jornal gutiena hartuz, 798 lan urteren irabazia?
Aberatsen bizia ederra dela? Ustelkeria eta menperatzez hazia da, gerla eta herra bideetan ondua. Beste mundu bat, otoi,zinez!

Maratila
'Bizia zoin den ederra…'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu