Chateau de Beaucastelekin batera Chateau Rayas da Rodanoko Chateauneuf du Pape jatorri izeneko upategirik handiena, mitikoena. Albert Reynaudek egin zituen upategi horren lehengo urratsak. Avignon inguruko notarioa zen Albert; gor geratu zen berrogeita bost urterekin, eta hiria uztea erabaki zuen. 1880an, Rayas erosi zuen bere ehiza zaletasuna asetzeko edo.
Baina benetan Chateau Rayas sortu zuena Alberten semea izan zen, Louis. Louis prest omen zegoen hasiera-hasieratik, eta oso gaztea izanagatik, zerbait desberdina egiteko. Eta Louis hil zenean, 1978an, seme txikiak, Jacquesek, hartu zuen txanda. Jacquesek upategiaren prestigioa areagotu egin zuen, eta famatua egin zen bere izaera bitxiagatik, baita arau burokratikoei zien erabateko errespeturik ezagatik.
Chateau Rayas desberdina da, bitxia, aparta. Upategian ez dago altzairuzko depositurik, ez tenperatura kontrolik, ezta haritz berriz eginiko upelik ere. Errendimenduak oso txikiak dira, 15-18 hektolitro hektareako, eta mahatsak oso heldu biltzen dira, ia-ia gehiegi ere esango nuke. Txortena kendu gabe bihurtzen dira ardo, astiro-astiro, metodo guztiz tradizionalak erabiliz. Ontze prozesua tamaina eta adin desberdinetako hainbat fudre desberdinetan egiten da, gehienak nahiko zaharrak.
1997an Jacques hil zenean bere loba Emmanuelek hartu zuen upategia gidatzeko ardura, eta osabaren lan metodoak goitik behera mantendu zituen. Chateau Rayasek 11,8 hektarea ditu garnatxa -frantsesez, grenache - eta 1,8 hektarea mahats zuriz osatuak clairette eta garnatxa zuria -frantsesez, grenache blanc-.
Chateneufeko lurzoruak izugarrizko harribilaz edo errekarriz osatuta egoten diren arren Chateau Rayas desberdina da horretan ere, bertan ez baitago harri bat bera ere, esaten dutenez Jacques Reynaudek berak banan bana kendu omen zituelako. «Lurzoru fina, ardo fina», esaten omen zuen.
Mitikoak dira 1978, 1990 eta 1995eko uztaldiak, eta bikainak, halaber, 1999, 2000 eta 2001ekoak. 30.000 bat botila ekoizten dira urtero.
Mahastiak zaharrak dira, baina ez zaharregiak, zaharrak eta ez hain zaharrak nahasturik daudelako, egoki ikusten denean mahastiak bana-banan birlandatzen joaten direlako.
Rayas zuria clairette eta garnatxa zuriz egina dago, eta oso ardo eztabaidatua da, sarritan oxidazio ukituak ere izaten dituelako.
Rayas beltza %100 garnatxaz egina da, eta horretan ere desberdina da, Chateneufen tradizioz hainbat mahats mota nahasiz egiten direlako ardoak eta berau delako garnatxaz soilik egiten den ardo bakarra. Munduko garnatxarik dotoreenetarikoa. Munduko ardorik onenetarikoa. Norbaitek esan zuen moduan: «Aparta, bikaina, boluptuosoa eta zahartzeko izugarrizko gaitasuna duena».
ELIKADURA. Ardoxka
Chateau Rayas
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu