Hiztegietan momentuz sartzen ez den hitza da, baina badu grazia berezia gaur egungo sistema politikoen azaltzeko. Eskertu dezagun Laurent Joffrin Nouvel Observateur astekariaren buruak eman kontzeptu sarkorraz.
Demokrazia eta diktadura hitzekin moldatua da demokratura, biak irudiz hain bi muturretako erregimen politikoak direlarik. Itxura demokratikoaren eskaintzea mundu zabalari gero eta grina handiagoa dela estatu guzietan argi da. Hots, «gehiengo» batek hauteskunde zuzen batzuen bidez botere legitimoa daramala. Denek ulertzen dute, eta eredua, gainera, Afrika edo beste eskualde basa batzuetara batzuetan bortxaz eskaini nahi da. Bestalde, botereak gero eta indartsuago, kontrolatzaileago eta «libertizidoago» bilakatzen ari dira: behar bezala pentsatzeak, ordena publikoaren zaintzeak, prentsaren mugatzeak, ez nahi denaz irri egitea, denetan ikusten dugun giroa da. Gainera, terrorismo kontzeptua osoki desbideratzen ari da, Garzonen teoria funtsean hedatzen da edonon, gaizkilearen lagunaren lagunak bezala pentsatzen duena sare horretan sartzen baita. Bistan da, Errusiako bidegabekeriak Ukrainako Iulia Timotxenkoren preso sartzea kondenatzen dira. Aurore Martin afera hor dugu, Hollanderen erranetan arras normaltasunez eta zuzenean gertatu dena. Hor ere gaur oposizio tematuan sartzen direnak, AHT edo Notre Dame des Landes-ko aireportuaren aurkakoak ez ditaizke atzerritar bazter nahasle edo buru bero, hots erdi terrorista batzuk baizik izan. Hori ikusten da edonon ere «Europa demokratikoaren» ekonomia legedi dorpeen biktimek burua altxatzen dutelarik. Adierazpen eta pentsatzeko askatasunek bizi luzea izanen ote dute?

Maratila
Demokratura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu