Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Dena ondo doa

2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Lourdes Auzmendi. RE eta EItik pasa da egunotan, azken inkesta soziolinguistikoa aztertzeko. Hau izan bestea izan, kargu jakin hori bete duenak gogoeta berbera eragin digu beti, EITBn mintzatu izan denean: kazetariak gehiago estutu zezakeela, alegia. Estutu, euskararen-alde-egundoko-ahaleginak-egiten-ari-gara dioen diskurtso buru goraipazaletik irtenarazteko. Adibidez, aipatu solasaldietan, bi gai falta izan ziren galdetegian, komunikabideei loturikoak. Bata, administratzaile politikoek —alderdikideek, zehazkiago— zenbat egin duten aurrera euskararen ezagutzan eta erabilera publikoan—REn eta EIn, bederen, betikoak betiko hizkuntzan sumatzen baititugu—. Eta bigarrena, ea nola uztartzen den, batetik, adieraztea euskal komunikabideak ardatz direla hizkuntzaren normalkuntzan eta, bestetik, horiei murrizketak ezartzea urtez urte —ez Raxoik eginak, Lopezek baizik—. Ez ote da izango EITBn askotxok ez dutela sinesten adierazpen horren mamian? REn, esaterako, herri komunikabideak apenas existitzen diren…

Otxoki Irratia.Donostialdean aditu daitekeen irrati txikia da (107,7FM), bertako udalaren egoitzatik aireratzen dena. Gizarte arazoei erreparatzeko helburuarekin sortu zen, gizarte gaien eta baztertuen ahots izateko, eta beste hainbat arloz aritzeko: adinekoak, osasuna, elbarri fisiko eta psikikoak… Su festak irrati bidez bistaratzea eta erlijioaz eta politikaz ez mintzatzea, bi dohain horiekin ere harro sentitzen da irratia. Horixe esan zuten, bederen, Itxaso Intxausti, Maite Espinosa eta Luis Revilla irrati kideek lehengoan, REko Boulevard saioan. Portzierto, irratia deskribatzen hasita, ezin ahantzi euskarari apenas ematen diola kabidarik, nahiz hiririk euskaldunenean jardun. Kontuak kontu, notizi bihurtu da egunotan, larrialdi mezua helarazi eta esan duelako ixteko arriskuan dela, errepikagailuak urtero eragiten dion hiru mila euroko gastua ordaindu ezean.

Santiago Ruiz de Azua.Moderatzailea dela dioen esatariak zera galdetu zion, serio-serio, Iñaki Gurrutxaga EAJko Donostiako zinegotziari, astelehenetako udal tertulian (Cope, 12:35-13:15): ea ez al lukeen egon behar legeren bat aginduko lukeena «hi ezgaia [inutil] haiz hiri bat gobernatzeko, eta beraz, alde alkatetzatik!». Kazetari horren hooliganismo ideologikoak ez du mugarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.