Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Disgustua disgustuaren atzetik

2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den igandean, halaber, trikitixaren egunarekin, hirugarren denboraldiko azken Mapa sonoro eman zuten. Eta, kurioski, ez zuten Joseba Tapia gonbidatu —eta batere ironiarik gabe diot hori, behingoagatik—. Dena den, otsailetik hona pasa dira bertatik hainbat euskal talde-musikari, nik harrapatu ditudanen artean Rafael Berrio, Joseba Irazoki, Berri Txarrak, Jupiter Jon, Kokoschka, El Drogas edota Jabier Muguruza —Harkaitz Canoren agerpen estelarrarekin—. Kontuan izanik hamahiru emanaldi izan dituela denboraldiak, oso seriotan hartzeko euskal musikarien portzentajea ateratzen zaigu. Nahiko luke Gaztea irratiak euskal musikarien halako bataz besteko bat. Azken emanaldian erakutsi ziguten, gainera, eta besteak beste, rumba katalana non jaio zen, Bartzelonako Salvador kaleko hamabigarrenean, hain zuzen; zehatzago laugarren pisuko lehen atean. Eta denboraldia Jarfaiter bezalako tipo batekin ixtea asmo-adierazpen sendoa iruditzen zait: «Makarra izatea, estetika bat bainoago, bizitza aukera bat dela esango nuke». Irrikan nago laugarren denboraldia noiz hasiko.

Baldin eta badago laugarren denboraldirik, noski. Eta ez saiokoek gaizki egin dutelako, edo auskalo zergatik kendu nahi dituztelako. Baina Espainia aldeko irrati-telebista publikotik datozen notiziak ez dira bereziki onak. Hara El Mundo berripaperak argitaratu berri duena: «RTVE, porrotaren ertzean». Txosten ofizialak iturritzat omen dituen notiziak 800 milioi euroko diru-galerak egozten dizkio erakunde publikoari, zulo dagoeneko eutsiezina, eta zuzendaritza osoaren kargugabetzea ekar dezakeena. Edozer, erabateko deskalabrua gertatu baino lehen. Atzo esnatu ginen, Bidasoaren alde honetan behintzat, LTDko bederatzi kate gutxiagorekin —baten batek izan al du faltan baten bat?—. Eta gaur hau. A ze bolada. Disgustua disgustuaren atzetik. Eskerrak RTVEko burmuin kreatiboek etenik gabe jarraitzen duten lanean, eta publikorik gazteena katigatzeko Conoce el internet webseriea martxan jarri duten; astero, eta sarean soilik, blogari, txiolari eta abarrekoekin eginiko elkarrizketa bat, sarkastiko-satirikoa izan nahi duena. Orain arte ikusi dudanak hotz baino hotzago utzi nau. Oraintxe jarriko naizikusten azkena sareratu dutena. Ez dadila izan aste oraindik labur honetako hirugarren disgustua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.