Azkuna, bakarra. Zalantzagarria izan daiteke Jose Ramon de la Morena kirol kazetariak justiziaren kontzeptuaz daukan ikuspegia; are gehiago, ikusita nola santutu zuen Jesus Gil ezin ustelagoa SER kateko pulpitutik, gauero, urteetan. Baina barkatu beharko zaizkio egunotako ibilerak komunikabide ugaritan, dominak eskatuz. Nori berea, hori omen giza-legea. 30 urtetan aski ibilbide bakartia egin du Angel Maria Villar kritikatzeko orduan, Madrilgo gortean. Mendekua antzematen da bere adierazpenetan, ikusita egunotan agertu den eskifaia, aho batez kantatuz «argi zegoen traste txukuna ez zela». Bizkaitarraren negozioek kiratsa zerien arren, ez ikusiarena egin diote kazetari askotxok, kirolaren ilusioak eta emozioak zaleen artean puzten duen burbuilatik atera gabe. Nahi ez zutelako, edota, ezin zutelako; Villar ukiezintzat zeukatelako goiko botere egituretan. Azkenean, ateratzen den ondorio perbertsoa da: Villarren zintzotasunean sinetsi duen —edo nahi izan duen— inozo bakarra Iñaki Azkuna Bilboko alkatea izan da, 2011n bilbotar ilustre izendatu zuenean Mario Fernandez eta Iberdrolarekin batera, argazki polita utziaz historiako orrietarako.
Estatu-arrazoia. Espainiako irrati jeneralistek aspalditik daukate prestatuta gerra-munizioa Kataluniako auzian. Eta gogoko izan ala ez, milioika entzuleek, Kataluniakoak eta Euskal Herrikoak barne, horiek dituzte informazio iturri bakarrak. Batera doaz estatu-arrazoia iritzi publikoan txertatzeko orduan: Espainiako legeek dute zilegitasuna, eta sobera dira gainerako burugabekeria sezesionistak. Guztietan progresistena izan daitekeen SER katea ere ez da aldentzen logika horretatik. Iritzi aniztasunaren defendatzailetzat hartuta Donostiako urrezko danborra eskuratzeko zorian egon zen Angeles Barcelo katalana. Hari inoiz ez zaio otu erreferendumaren aldeko inor fitxatzerik. Pedro Blancok ordezkatu du orain aurretik, oporrak direla eta. Horrek Neus Tomas eta Nacho Corredor sartu ditu iritzi emaile gisa, betikoen (Migel Angel Aguilar, Emilio Contreras, Fernando Vallespin...) diskurtso unionistari aurre egingo diotela adierazi nahian. Ondo kalkulatutako kosmetikako ariketa hutsean geratu zaio, ordea. Izan ere, azkenean, berriak, alde bakarreko bidearen kontra daude zehazki, eta abstraktuki, etorkizunean bi aldeak hizketan jarri beharraren alde.

UHINETATIK TIRAKA
Domina, merezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu